Ekaineko egitaraua iragarri dute Antixena gaztetxeko kideek. Eta bihar emango zaio hasiera ekintza sortari, Basakristaupunk musika jaialdiarekin –21:00etan hasiko da–. Hain zuzen, Pecozza United, Krustazeos, Baserriko Ollaxkue Labien eta Patronal Punk taldeek jardungo dute gaztetxeko agertokian. Sarrera 3 eurotan egongo da eskuragai.
Eta, horrez aparte, ekainean izango da bestelako ekintzarik ere. Tartean, Hangover Fest musika jaialdia egingo dute hilaren 15ean; Mendeku Itxua, Berri Zaharrak, The Eleventh Plague eta Minerva taldeek jardungo dute. Bestetik, Nazioarteko Sexu Askapenaren Egunean –ekainak 28– ere izango da ekintzarik –erakusketa eta tailerra–. Eta, data zehazteke duten arren, Dominikar Errepublikari buruzko saioak egingo dituzte ekainean, Herri bat, hainbat jatorri ekimenari lotuta.
Bukatzeko, jakinarazi dute udako egitaraua zehazteko bilera egingo dutela ekainaren 6an, 19:00etan.