Jerardo Elortzak egindakoak, ikusgai

Iker Oñate 2018ko eka. 1a, 13:43

Jerardo Elortzari buruzko erakusketaren irekierak emango dio hasiera aste kultural bereziari –ekainaren 8ra bitartean egongo da ikusgai–. Besteak beste, Elortzaren argazkiak eta hainbat egitasmotan egindako ekarpenak egongo dira ikusgai.

Jerardo Elortza historialari oñatiarraren omenez antolaturiko jardunaldiek gaur emango diote hasiera ekintza sortari, kultura etxeko erakusketaren irekierarekin; hilaren 8ra bitartean egongo da zabalik, arratsaldez –18:00 eta 20:00 artean egongo da erakusketa ikusteko aukera–. Besteak beste, argazkiak, liburuak, ikus-entzunezkoa eta zenbait aldizkariren aleak egongo dira ikusgai. Gainera, Artixa taldeak eraikitako erakusketak ez dute edozelako irekiera izango –gaur,18:00etan–: Jose Antonio Azpiazuren aurkezpena, Jose Mari Anduagaren kantaldia, luntxa...

Hainbaten artean, herriko ondarearen alde egindakoa aitortu gura diote egitasmoaren bultzatzaileek Jerardo Elortzari. Eta, horrez aparte, bere ezagutza gizarteratzeko asmoz ere badihardute. Hori da, hain zuzen ere, erakusketak gura duena. "Oñatiarrek Jerardo Elortzak egindakoak ezagutu ditzaten bitarteko da erakusketa. Era berean, lagungarri izango da Elortza bera hobeto ezagutzeko", argitu du Xabier Ugartek, Artixako kideak.

'Antxiñako fotografixia'

Tartean, esangura handiz erakutsiko dute Jerardo Elortzak Kontzejupetik herri aldizkarian lantzen diharduen Antxiñako fotografixia atala. Gaur-gaurkoz, 280tik gora argazki ditu argitaratuak bertan. Hain zuzen ere, iraganeko argazki bat argitaratu ohi du atal horretan, horren inguruko azalpen batek lagunduta. "Herri ondarea gizarteratzeko lagungarri da hori", dio Ugartek.

Datorren astean, berbaldiak Bestetik, Jerado Elortzaren jakintza gizarteratzeko ahaleginean, hainbat berbaldi antolatu dituzte datorren asterako. Eta ekainaren 4koa izango da horietan lehena: Jerardo Elortza 'Egille' hitzaldia eskainiko du Juan Martin Elexpuruk, Santa Ana antzokian, 19:00etan hasita. Nagusiki, Elortzaren bizitza kulturalaz eta akademikoaz berba egingo du hizlariak.

Eta, bestetik, 60ko eta 70eko hamarkadetan sortutako zenbait eragiletako ordezkarien mahai ingurua antolatu dute –Oñatz kultur taldea, herriko ikastola...– ekainaren 6rako; 19:00etan hasiko da hitzordua –kultura etxean egingo dute ekintza–.

Bestetik, antolatzaileek jakinarazi dute ekainaren 5era bitartean dagoela Jerardo Elortzaren omenaldi bazkarirako txartela erosteko aukera –ekainaren 9an egingo dute hori, Etxe Aundin–. 30 eurotan eskura daiteke, Txokolateixan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak