Diputazioaren ekimena
Gipuzkoako Diputazioaren ekimena da maorien haka dantza eskola kirolean egiterena. "Harmailaren aurrean ahots bateratu bat, errespetuan eta gozamenean oinarritutako erritual bat, eskolarteko kirolean dagoen agresibitatearen inguruko kontzientzia pizteko proiektu bat" dela azaldu zuten Diputazioko ordezkariek ekimena aurkeztu zutenean. Eee!ntzun izenarekin egin du bideoa Diputazioak eta hainbat kirolari ezagunek parte hartu dute; gainera, Go!azen-eko protagonistek bideoa egin dute, urratsez urrats haka nola egin behar den erakusten. Youtuben daude ikusgai bideo horiek. Bada, pauso horiek erakutsiko ditu Txintxurretak kiroldegian, eta gura duten gaztetxo guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Sari banaketa
Horren ondoren, sari banaketa ekitaldia hasiko dute. LHko 3. eta 6. maila arteko neska-mutikoek parte hartuko dute ekitaldian. Ikasturtean zehar 412 gaztetxok parte hartu dute eskola kirolean. Aitor Guridik banatuko ditu sariak. "3. eta 4. mailetan ez dugu saririk banatzen, parte hartu dutenen artean dominak banatzen ditugu", azaldu du Egoitz Atxagak, eskola kiroleko koordinatzaileak. 5. eta 6. mailetako gazteen artean, txapelketan zehar irabazleak izan direnak sarituko dituzte; horrez gain, parte hartzaile guztien artean opariak banatuko dituzte.
Emanaldia eta luntxa
Ekitaldia amaitzeko, Gauargi taldeak dantza emanaldia eskainiko du. Abesti ezagunak eskainiko dituzte, gaztetxoek eta gurasoek ondo pasa dezaten. Dantzatzeko eta kantatzeko aukera paregabea izango da. Gainera, kiroldegiko tabernan luntxa egingo dute kirol programaren antolaketan parte hartu duten guraso laguntzaileekin.