Evaristo: "Dena ondo dago, ordenan guztia"

Maider Arregi 2018ko mai. 27a, 20:17
2014an Evaristok Olakua auzoko jaietan emandako zuzenekoa

Evaristo Paramos, Gatillazo taldeko musikaria, Jerezeko Primavera Trompetera jaialdian eskainitako kontzertuaren ostean, Guardia Zibilak ustez bere abestien letrengatik atxikia izan zela zabaldu bada ere, Guardia Zibilak argitu du ez dela atxikia izan: "Ez da atxiloketarik ezta ere atxikimendurik izan. Salaketa baten berri eman zaio soilik". Arrazoia ez direla bere kantuen letrak izan gaineratu du Twitter bidez; baizik eta emanaldi amaieran poliziaren aurkako irainak esan izana.

Evaristoren gertukoek GOIENAri adierazi diotenez, musikariak "dena ordenan jarrita" dagoela azaldu du. Izan ere, Guardia Zibilak kontzertuaren ostean salaketaren berri eman ostean, atzo, Bilbon eskaini zuen Evaristok zuzenekoa. "Valtonyc musikariaren kasuaren harira honetaz jardun genuen hain justu ere eta ikusi orain berari tokatu zaio; arriskua bazegoela bagenekien eta bera ere gertatu zitekeenaren kontziente zen. Ez dakigu zein ondorio ekarriko duen. Baliteke isun batekin geratzea guztia, edo ez. Valtonyc epaile batek eskatu du kartzelan sartzeko. Guztia mozal legearen ondorioa da".

Pasa den ostiralean Gatillazo taldeak kontzertua eskaini zuen Jerezen ospatzen den Primavera Trompetera jaialdian. Antza, kontzertu hartan "Poliziok, puta semeak zarete" oihukatu zuen Evaristok, eta horregatik, kontzertua eskaini ostean, Guardia Zibila Evaristo abeslariarengana hurbildu eta beste toki batera eraman zuten. Momentu hori grabatu zuen kontzertu gunean zegoen pertsona batek, eta domekan sare sozialetan zabaldu zen. Bideoarekin batera azaltzen zen, Evaristo atxilotua izan zela bere abestietako letrengatik; gertaerak oihartzun handia hartu zuen segituan.

Hala ere, Guardia Zibilak gertatutako argitu nahi izan du, eta beraien hitzetan Gatillazo taldeko abeslaria ez zuten ez atxilotu, ez atxiki. Twitter kontuan esandakoaren arabera, "salaketa baten berri" eman zioten, kontzertuan Polizia iraindu izanagatik. Dimentsio handiko jaialdia izanik, 18.000 ikuslerekin, Guardia Zibilen hainbat unitate zeuden bertan. Momentuz argitu ez dena da, salaketa bat jaso ondoren edo beraien iniziatibaz jokatu zuen Guardia Zibilak.

Eldiario.es atariaren arabera, Gatillazoren kontzertua 19:30eak inguruan amaitu zen, eta agertokitik jaitsi ostean, Guardia Zibila Evaristorengana hurbildu eta "salaketa administratibo" baten berri eman zioten, agintaritzarekiko "errespetu faltagatik". Salaketa mota hau mozal legean oinarritzen da, eta hedabidearen arabera, 540 euroko isuna jaso lezake musikariak. Hala ere, isuna aplikatu behar duena, Cadizeko Gobernuko azpiordezkaritza litzateke, eta Eldiario.es-i adierazi diotenez, domekara arte behintzat, salaketa ez zegoen erregistratuta. Salaketa eskuz jaso zen ostiralean, eta sistema informatikoan sartu arte ez da gauzatuko. Horrela izanez gero, astelehenean jakingo dela argitu zuten Kadizko Gobernuko azpiordezkaritzatik.

Babesa Evaristori

Oñatiko Errekaldeko jai batzordeak –Evaristo bizi den auzoa– elkartasuna adierazi dio musikariari. Gainera, Guardia Zibilak joan zaion unea bera ere jaso du. EH Bilduk eta Txalaparta argitaletxeak ere sare sozialetan azaldu diote babesa Evaristori.

 
 

Oñatiko EH Bilduk ere babesa adierazi dio Evaristori, GOIENAko komunitatean duten profilaren bidez:

"Evaristorekin elkartasuna
Berriro ere agerian geratu denez, Adierazpen Askatasuna ez da existitzen Espainiako estatuan. Gure elkartasuna atxilotua eta salatua izan den Evaristo herrikidearekin. Espainiar Estatuan demokrazia eskasa dela agerian geratu da beste behin eta PPren gobernua sustengatzen dutenei zer pentsatua eman beharko lieke gertaera honek. EH Bilduren elkartasuna herrikide dugun Evaristo handiarekin #AdierazpenAskatasuna"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak