Ekainaren 2an egingo da Oñatiko herri lasterketa: 18:00etan emakumeen proba egingo dute eta 19:00etan, gizonezkoena. Korrikalariek hamar kilometroko ibilbidea egin beharko dute. "Zirkuitu homologatua da, aurten bertan homologatu dute", aurreratu du Asier Osinaga antolatzaileak. Eta gaineratu du: "2006an homologatu genuen, baina iraungitze data izaten dute horrelakoek. Hala, epaileak egon dira Oñatin eta berriro ere homologatu dute".
Postetxean hasiko da lasterketa
Mari Sol Ramos ez da lasterketan egongo den oñatiar bakarra: gizonezkoen proban, Erik Martin gazteak parte hartuko du. Osinagak esan du Amaia Bernal ere gonbidatu dutela, baina oraindik ez du baiezkorik esan hark.
Postetxe aurrealdean hasiko dute lasterketa, eta Atzeko kaletik igo eta Kale Barritik jaitsi ostean, beste zazpi buelta eman beharko dizkiote zirkuituari –1.300 metroko zirkuitua–.
Punta-puntako lasterkariak
"Punta-puntako atletak etorriko dira; tartean, iazko irabazle Iraitz Arrozpide", dio Osinagak. Gaineratu du beti gonbidatzen dutela herriko atletaren bat, eta, aurten Erik Martin erakusten ari den maila ikusita, hura gonbidatzea erabaki dutela. Bestalde, Ramosek berez baduela lasterketa honetan egoteko maila azaldu du. Bailarakoak ere egongo dira; Endika Donay atleta arrasatearra, adibidez.
Gaztetxoendako probak
Egun berean, goizean, herriko gaztetxoendako lasterketak egingo dituzte plazan –12:00ak inguru izango da–. 6 urtetik beherakoak, LH 1-2, LH 3-4 eta LH 5-6 taldeak bereiziko dituzte, adinaren arabera.