Urrian hasi eta maiatza bukatu bitartean kontalariak izaten dira Oñatin hileko azken ostegunak, eta uda parteko etenaldiaren aurretik beste istorio batekin gozatzeko aukera izango dute neska-mutikoek; 3 eta 5 urte artekoek, kasu honetan.
Izaskun Mujika izango da oraingoan ipuin kontalari jardungo duena, 18:00etan, haur liburutegian, ohi bezala. Bertara joateko gonbidapenak banatzen astelehenean, hilak 21, hasiko dira.
3 eta 5 urte artekoentzat eta 6 eta 9 artekoentzat txandaka, hilero egiten dute saioa, eta aurtengoek ere harrera ona izan dutela dio liburutegiko Marina Etxegoienek; hala ere, nagusienekin gehiago kostatzen ei da: "Kontalariek eurek ere esaten dute; 6 urtetik aurrera umeek gauza gehiago izaten dituzte eskolaz gain". Baina Ostegun Kontalariek harrobi bat ba omen dute eginda, eta lortzen dute emanaldietarako lekuak betetzea. Kontaketak urrian itzuliko dira, beraz, maiatzekoa pasata.