Euskal Herriko herrialde guztietako ikastoletako ikasleak –Gipuzkoakoak, Txantxiku ikastolakoak– Nepalera eramango dituen ekimenera bideratuko dute Lujanbio, Arzallus, Sarriegi eta Alberdi entzutera joango direnek ordainduko dituzten sarreretatik batutako dirua. 10 euro dira bakoitzeko, eta egunera arte Txokolateixan moduan, saio aurretxoan Zubikoan bertan egongo dira salgai.
Amaia Agirrek jarriko dituen gaiei botatako bertsoen ordaina, beraz, txalotan eta elkartasun modura ere izango da kasu honetan. Mendia, xerpa hizkuntza eta euskara batzen dituen ekimena da Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere.
Udazkenean izango da espedizioa, eta ikasleek mendi zeharkaldia egingo dute Khumbu eskualdean, Everest eta 8.000 metroko beste hainbat tontorren inguruan, eta 6.000 metroko bi gailur eta 5.000 metroko beste hainbat egiteko asmoa dute. Felipe Uriarterengandik –mendi gidaria– sortutako ekimena da.
Euskal Herritik joango diren gazteek harremana izango dute hango hainbat xerpa gazterekin, eta elkarren arteko komunikaziorako hizkuntza nagusia ingelesa izango den arren, xerpa hizkuntzarekin eta euskararekin ere egingo dute saiakera, besteen hizkuntzaren hainbat hitz ikasiz.
Zangoak indartzen
Himalaiara bertaratuko diren ikasleek mendi ibilaldiak egiten dihardute, besteak beste, elkar ezagutu eta zangoak zailtzen joateko. Otsailean OÒatin egindako lehen topaketaz geroztik, Laudion eta Baigorrin ere izan dira gazteak, elkarrekin mendiaz gozatuz.
Prestaketa horietaz gain, finantzazioan ere lanean ari dira ekimeneko partaideak. Adierazi dutenez, hainbat enpresa eta erakundek babestu dute proiektua, eta dirua batzeko –eta egitasmoa ezagutarazteko– izango da zapatuko bertso saioa ere. 22:30ean izango da, Zubikoa kiroldegian.