Erabakitzeko arrazoiak elkartrukatu dituzte oñatiarrek, Gure Esku Dagoren ekimenez

Iker Oñate 2018ko mai. 12a, 17:30

Gure Esku Dagok antolatuta, mintegia izan dute oñatiarrek gaur goizean –zapatua–. Eta hainbat herritarrek egin dute bat hitzorduarekin, erabaki gura izateko arrazoiak elkartrukatzeko xedez.

Erabakitzeko arrazoiak batu gura ditu Gure Esku Dagok. Eta herriz herriko ekimena abiatu du horretarako. Hala, hamarka lagun hurbildu dira Eltziara, euren ekarpena egin guran –nork berea–. "Hiriburuetan jada egina dute ekimena. Eta herriz herri gabiltza orain. Herritarrek erabaki gura izateko dituzten arrazoiak bildu nahi ditugu. Herritarren Ituna osatuko dugu ekarpen horiekin", argitu du Lierni Olmedok, Oñatiko Gure Esku Dagoko kideak.  

Gauzak horrela, hainbat alor izan dituzte jorragai: pentsioak, lan baldintzak, eskubidea eta askatasuna, demokrazia ereduak, kultura ondarea... Eta taldetan banatuta landu dituzte horiek; bukaeran batu dituzte ekarpen guztiak. "Ariketa aberatsa izan da. Era askotako arrazoiak batu ditugu. Esan dezakegu lortu dugula helburua", dio Olmedok.

Ostean, Gure Esku Dagokoek, Euskal Herriko eragile ezberdinei helaraziko dizkiete erabakitzeko arrazoi horiek, "jaso moduan". "Argi gera dadila herritarrok erabakitzeko gogoa eta arrazoiak ditugula, ilusio soiletik harago", azpimarratu du Olmedok. Hala, Eusko Legebiltzarrera ere eroango dute jasotakoa.

Giza katea

Bestetik, egitasmoaren bultzatzaileek ekainaren 10eko giza katea ekarri dute gogora. Hain zuzen ere, Zigoitiako (Araba) bi kilometro betetzea dagokie oñatiarrei –autobusak izango dira joan-etorrirako–. Eta bertan parte hartzeko deia egin dute Gure Esku Dagoko kideek: "Oraintxe dugu bultza egiteko momentua, indarrak batu eta aurrera egitekoa".

Gura duenak, Gure Esku Dagoren lokalean eman dezake izena –Kale Barrian–, eguenetik domekara bitartean –arratsaldetan–.  Horrez aparte, herriko zenbait hitzordutan ere izango da izena emateko aukera.

Herritarrek taldetan banatuta egin dute berba erabakitzeko arrazoiez. Horiek, gainerako parte hartzaileekin elkarbanatu dituzte ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak