Erabakitzeko arrazoiak batu gura ditu Gure Esku Dago dinamikak. Norbanakoak erabakitzeko dituen arrazoiak. "Hiriburuetan egin da ekimen hau dagoeneko eta orain herrietan egingo dugu. Oñatiarrek euren arrazoiak emango dituzte eta horiek jasoko ditugu guk. Ez ditugu ez laburtuko edo aldatuko, dauden bezala jaso eta gordeko ditugu. Herritarren Ituna osatuko dugu ekarpen horiekin eta legebiltzarrean ere egingo da 2019 arrazoi edo gehiagoren entrega sinbolikoa", dio Lierni Olmedok. Eltzian izango da mintegia zapatuan, 10:30etik 12:00etara.
Giza katea
Ekainaren 10ean egingo den giza katean, Zigoitiako (Araba) bi kilometro beteko dituzte oñatiarrek. Eguerdian izango da ekitaldia eta autobusak egongo dira joan-etorria egiteko. Parte hartu gura duenak Gure Esku Dagok kale Barrian duen lokalean eman dezake izena eguen arratsaldetan.