Datozen egunetan jarriko dute kamera Zazpihaizeta bidegurutzeko arautegia errespetatzen ez duten ibilgailuen gidariak zigortzeko.
Garraio zein zerbitzu publikoak eta baimendutako ibilgailuak bakarrik pasa daitezke bidegurutze horretatik egubakoitz arratsaldetik zapatu goizera eta zapatu eguerditik domeka gauera. Gainerako ibilgailuak ezin dira tarte horretan hortik pasa, oinezkoen gunea delako. Debekuaren berri ematen duten kartelak egon dira jarrita eta hesiak ere jarri izan dituzte arau hori bete dadin. "Baina gidari askok ez dute errespetatu, eta, hori ikusita, kamera jartzeko pausoa eman dugu. Oinezkoek dute lehentasuna herri barruan, gune hori ere toki lasaia izatea gura dugu. Oharrak dioena ez da errespetatu, sustoak ere izan dira eta segurtasuna zaindu behar dugu", azaldu du Irati Etxeberriak, Mugikortasun zinegotziak.
Bakarra
Kamera bakarra jarriko dute, baina bi noranzkoak hartuko ditu. "Kamera horrek jasoko duena udaltzainek ikusiko dute, Udaltzaingora konektatuta egongo da eta. Han, baimena duten ibilgailuen datu-basea izango dute, kontsultarako", argitu du Etxeberriak. Ordutegia errespetatu ez eta araua betetzen ez duen gidariak 200 euroko isuna jasoko du.
Kamerarekin batera ordutegia gogorarazten duten kartelak ere jarriko dituzte Sietevientos bidegurutzearen inguruan. "Kartel horiek kortezko altzairuarekin egindakoak izango dira. Guneak dituen ezaugarriak kontuan hartu gura izan ditugu eta kaleko hainbat zaborrontzik duten kolore eta material bera izango dute. Izango dute liburu baten itxura eta mekanikoak izango dira. Udaltzainak arduratuko dira dagokion egunean dagokion ordutegia gogorarazten duen kartela bistaratzeaz. Eskuz egingo dute lan hori", azaldu du zinegotziak.
Gehiago
Zazpihaizetako bidegurutzean jarriko duten moduko kamerak daude, esaterako, Elorrion, Beasainen eta Hondarribian, eta han izandako emaitza "onengatik" pentsatu dute Oñatin ere sistema hori jartzea.
Mugikortasun zinegotziaren esanetan, herriko beste gune batzuetan ere sortzen dira antzerako arazoak eta litekeena da toki horietan ere kamerak jartzea. "Hori izatekotan, baina, hemen ondo egonkortzen denean izango da. Baina denborak esango du gehiagoren beharra dagoen edo ez".