Aloñako Igoeran esku hartu duzu lehenengoz.
Ez hori bakarrik. Orain arte ez bainuen mendiko lasterketarik egina. Esperientzia ederra izan zen; baina gogorra, era berean. Asko sufritu nuen beheranzko bidean.
Eta zer sentitzen du oñatiar batek herriko mendi lasterketa egitean?
Poza. Polita da norbere herriko probetan parte hartzea. Nabari dira zaleen animoak. Eta asko eskertzen dira. Xarma berezia du herrian korrika egiteak.
Giro ederra zegoen, ezta?
Duda barik. Zale asko zeuden ibilbidean zehar, eten barik animoak ematen. Eta plazara iristeak ere asko motibatu ninduen; lagunez eta ezagunez beteta zegoen herriko plaza. Asko eskertu nituen haien animoak.
Eta eguraldia?
Egia esan, nahiago dut tenperatura baxuagoarekin korrika egin; hori bai, nork bere gustuak ditu. Niretzat, bero larregi egiten zuen. Dena den, zaleak erakarri zituen eguraldi onak. Eta positiboa da hori. Eurek sortzen dute mendi lasterketetako giroa.
Euskal Herriko txapeldun bilakatu zinen kadete mailan.
Hala da. Hori bai, kadete mailan parte hartu zuen neska bakarra izan nintzen. Espero dut aurrera begira neska gehiago animatzea. Neuk ustekabean eman nuen izena. Alegia, beste proba bat egin gura nuen lagun batekin. Eta Aloñan ere korrika egin nezakeela jakin nuen; izena ematea erabaki nuen orduan. Ea halako gehiago dauden.
Aurrera begira, lehiatzen segitzeko asmoarekin?
Ez nituzke mendiko lasterketak baztertu gura. Neguan krosak egiten ditut; eta denboraldia bukatzean mendiko zenbait probatan parte hartzea da asmoa.