Lehen partidua galduta, hurrengoa irabazi guran

Iker Oñate 2018ko api. 27a, 11:49
Ainhoa Tatiegi oñatiarra, defentsarengandik ihesi.

Txapelketa nagusia bukatuta, kopan lehiatzen hasi berriak dira Aloña Mendiko eskubaloi taldeko neskak. Eguaztenean jokatu zuten fase berriko lehenengo partidua, eta galdu egin zuten; dena den, horri buelta emateko gogoz dihardute.

Denboraldiko txapelketa nagusia bukatuta, kopan lehiatzea dagokie Aloña Mendiko neskei. Baina ez dute gura moduan hasi fase berria: 24-16 galdu zuten Elgoibarren kontra. Hori bai, galtzen hasitakoari buelta emateko garaiz dira oñatiarrak. Asteburuan dute horretan hasteko aukera, Ordiziaren kontrako partiduan; bihar dute hitzordua, 16:00etan, Zubikoan.

"Kopaz gozatzea da helburu nagusia. Hori bai, emaitza onak beti dira ongietorriak", dio Nerea Morenok, taldeko entrenatzaileak. Eta, horri dagokionez, onartu du baztertu barik dutela finalerako sailkatzeko aukera: "Badugu horretarako gaitasuna".

Zehatz esanda, bi taldetan banatu dituzte kopako parte hartzaileak –bost talde daude oñatiarren ligaxkan–. Beraz, finala jokatu gura badute, Aloña Mendikoek aurrealdean bukatu beharra dute lehen fasea; puntu gehien eskuratzen dituzten bi taldeek erdietsiko dituzte finalaurrekoetan jarduteko txartelak.

Jokalari berriak

Ohi moduan, kopan zenbait jokalari berri izango dituzte Aloña Mendikoek –denboraldia gazte mailan egin duten hainbat lagun–. "Besteak beste, datorren urtean senior mailan lehiatzera pasako diren jokalariak talde berrira egoki daitezen saiatzen gara. Beraz, esan daiteke hurrengo denboraldira begira hasiak garela", aitortu du Morenok. Hori bai, jokatzeko erari dagokionez, ez du aparteko aldaketarik aurreikusten: "Nahiko parean daude senior eta gazte mailakoen jokatzeko moduak. Etorri direnek ez dute egokitzeko arazorik izango". Aurrera begira, "baikor" da entrenatzailea.

Txapelketan, "gorabeherak"

Bestetik, orain artekoaz mintzo, liga "gorabeheratsua" izan dute Aloña Mendikoek. Alegia, txapelketa ez zuten gura moduan hasi, baina partiduek aurrera egin ahala, nabari zen hobekuntza: "Talde berria, jokalari berriak... Partidu asko galdu genituen hasieran; denok bat egin beharra genuen. Eta lortu genuen. Bigarren itzuliko emaitzak ikustea beterik ez dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak