Eguraldiari dagokionez, giro aparta izan du Aloñako Igoeraren 14. edizioak, batez ere, iazkoarekin alderatuta. Gogor ekin diote lanari korrikalariek eta 20 minutu bete aurretik lehen korrikalariak azaldu dira Urtiagaineko anoa postuan. Gizonezkotan Imanol Goñi hasieratik izan da lasterketa buru, eta bere atzetik zetozen Walter Becerra, Julen Larruzea, eta konpainia. Erritmo bizia jarriz, Aloñako errekorra 24 segundutan hobetu du Goñik, 48:01eko denbora eginda. Aipagarria Iñigo Alzolak egin duen igoera ere, Urtiagainen seigarren pasa den arren, hirugarren heldu delako Aloñako tontorrera.
Emakumezkoetan, Majida Maayouf gasteiztarra izan da lehena Urtiagainen. Oihana Azkorbebeitia atzetik zetorkion eta Aloñara bidean aurrea hartu dio. Bigarren postuan egin du jaitsiera guztia Maayouf-ek, baina helmugarako gutxi falta zela Vanessa Pelaez andoaindarrak aurreratu du eta hirugarren postuan amaitu behar izan du.
Imanol Goñik gutxigatik ez du probako errekorra hobetu. 2:00:09an geratu du kronoa, 2014an ezarritako errekorra baino bost segundo gehiagorekin. "Helmugara gerturatzen ari nintzela despistatu egin naiz, eta ez dut ahaleginik egin marka hobetzeko" aitortu du lasterketa amaitzerakoan. 58 segundora helmugaratu da Walter Becerra sestaoarra (2:01:07), eta Julen Larruzea izan da hirugarren (2:04:34).
Debagoieneko korrikalari azkarrena Iñigo Alzola arrasatearra izan da (2:07:36), seigarren postuan, eta oñatiar onena, aldiz, Asier Alonso (2:10:56) zortzigarren.
Oihana Azkorbebeitia izan da lehen emakumea (2:28:11). Zazpi minutu eta 42 segundo atera dizkio bigarren sailkatu den Vanessa Pelaezi (2:35:52), eta hirugarren postua Majida Maayoufek lortu du (2:36:38).