Besteak beste, Zurrunka antzerki taldearen egitasmo berriaz gozatzeko aukera izango da Liburuaren Egunean: Kale kolore ikuskizuna. 17:30ean hasiko da ekintza; eta herriaren erdiguneko kaleetan jardungo dute protagonistek. Emanaldi mutua da eurena –begiradak, mugimenduak eta ekintzak dira ardatz–.
Bestetik, El niño que robo el caballo de Atila liburuari buruzko tertulia-saioa egongo da apirilaren 25ean, 18:30ean hasita, kultura etxean: Ivan Repila idazleak zuzenduko du saioa. Eta, ostera, Maider Galarzaren ipuin kontaketa izango da hilaren 26an, kultura etxean; 18:00etan hasiko da ekintza. 6 eta 9 urte bitartekoendako saiora joan gura duenak aurrez jaso beharko du gonbidapena, haur liburutegian bertan.