Urte asko daroa Irungo Eneritz Furyak musikagintzan. Kasernarat taldean lauzpabost urte egin ondoren, taldea utzi eta urtebeteko atsedena hartuta, iaz kaleratu zuen Eneritz Furyak izeneko bakarkako lehen lana. Bigarren diskoa grabatzeko prestaketa lanetan ari dela dio, eta horregatik, kontzertu gutxi eskaintzen dituela azkenaldian, hala ere, gogotsu onartu zuen Oñatiko liburutegiaren eskaintza.
Umoretik, emozioei kantuan
Hernaniko liburutegian egin zuen lehenengoz horrelako saio bat, eta oso gustuko dituela dio. "Musikariok askatasuna dugu saioak gure ikuspegitik interpretatzeko. Nire kasuan, oinarrizko giza emozio bakoitza nire kantu edo bertsio bati lotzen diot, eta nire ibilbidean garrantzitsuak izan diren testu batzuk ere lotzen dizkiet emozioei. Ordubeteko hurbileko saioa egiten saiatuko naiz, emozioei zor zaien seriotasunaz, baina umoretik ere izango duena".