Datorren astelehenean, apirilak 23, da Liburuaren Nazioarteko Eguna eta egun horretan bukatuko diren ekintzen egitaraua prestatu dute aste honetarako Txantxiku ikastolan. Astelehenean, esaterako, liburutegi bihurtu zuten aretoan eta gaur, eguaztena, irakurketa maratoia egingo dute.
Arratsaldean izango da saioa, 17:00etan, eta irakasleak izango dira ipuin kontalariak. Room on the broom (Julia Donaldson), Dastatu ilargia (Michael Grejniec) eta Belea (Iñaki Zubeldia) ipuinak kontatuko dituzte hurrenez hurren. Gurasoak ere joan ahal izango dira.
Astean zehar, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ipuinak kontatuko dizkiete, ingelesez eta gazteleraz, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleei. Egubakoitzean, ipuin antzeztua egingo dute aretoan eta astelehenean, apirilak 23, Kalean Irakurle ekitaldia egingo dute; ikasle guztiak liburu bana hartuta, beste ikasle batekin trukatu ostean, Foruen plazara joango dira irakurtzera.