Azken txanpan sartua da herriko futbol txapelketa

Iker Oñate 2018ko api. 13a, 13:04

Bukatzear da herriko futbol txapelketaren aurtengo denboraldia. Gaur-gaurkoz, liga txapelketako eta kopako garaileak zeintzuk diren jakitea besterik ez da falta. Eta datozen asteburuetan erabakiko da hori, jokatzear den amaierako fasean.

Bukaerara heldua da herriko futbol txapelketa: ligako partidu sorta bukatuta, azken fasea jokatzea besterik ez zaie geratzen herriko taldeei. Horretan erabakiko da zeintzuk diren ligako eta kopako irabazleak. Zehatz esanda, lau taldek jardungo dute liga euren egin guran; eta kopa jokatzea dagokie gainerakoei –zortzi talde–. "Ezin esan nork irabaziko duen. Lehia handiko partiduak izango dira seguru; gogorrak, era berean", aitortu du Anton Sierrak, batzordeko kideak. Oraindik ez dakite noiz jokatuko dituzten finalak.

Gauzak horrela, kopako lehen kanporaketekin ekingo diote azken faseari. Eta asteburu honetan jokatuko dituzte lehen partiduak: Txuskos-Etxaixat –19:30ean– eta Harripe-Shatoken Moüra –21:00etan– norgehiagokak izango dira zapatuan; eta, Auschwitz-Kili Kolo –18:30ean– eta Kalañatasaray-Dollygan's –20:00etan– partiduak domekan. Ohi moduan, Oñatiko Azkoagain futbol zelaian jokatuko dituzte horiek.

Ligako garailea ere, zehazteke

Bestetik, datorren astean ekingo diete txapelketa nagusiko finalerdiei.Liga goiko postuetan bukatu dutenek jardungo dute nor baino nor gehiago –lau talde lehiatuko dira guztira–: Albok, Sasquatch, Zalaparta eta Hangola. Horiek apirilaren 20ko asteburuan dute lehen kanporaketa. "Ezin uka espero gabekorik izan dela. Eta belaunaldi aldaketa nabari da, besteak beste. Alegia, duela gutxi goian zeuden zenbait taldek ez dute gura moduko denboraldia egin", dio Sierrak.

Eta herriko futbol txapelketa garaile barik dago oraindik. Finalen asteburuan erabakiko da hori –egun berean jokatuko dituzte kopako eta txapelketa nagusiko finalak–; oraindik ez dakite noiz izango diren horiek. "Aurreikuspenek diote maiatzaren 4ko asteburuan jokatuko direla. Baina baliteke aurreratzea. Aukerak aztertzen gabiltza", esan du txapelketako batzordeko kideak.

Parte hartzea, behera

Aurrera begira, batzordea ez da oso baikor: "Arrazoiak arrazoi, hainbat taldek gutxieneko jokalari kopurura heltzeko arazoak izan dituzte denboraldian zehar. Agian, lehentasuna beste gauza batzuei ematen hasiak dira parte hartzaileak. Esan daiteke indarra galtzen dabilela herriko futbol txapelketa". Hori horrela, hurrengo denboraldian zer egin aztertzea dagokie orain. Eta txapelketa bukatuta jarriko dira horretan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak