Harrera beroa izan du 'Oñati Biziri4' diskoaren aurkezpen kontzertuak

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko api. 8a, 11:07

Herriko hamabi musika taldek eta bakarlarik parte hartu duten diskoaren aurkezpen kontzertuan, ia talde guztiak igo dira Antixena gaztetxeko oholtzara. Aurten laugarren urtez argitaratu dute herriko talde hasiberriei diskoa ateratzeko aukera ematen dien lana, eta diskoak orain salgai daude herriko hainbat tabernatan.

Orain dela hamabi urte argitaratu zen lehenengoz Oñatiko musika talde eta bakarlari hasiberriek osatutako diskoa. Aurten laugarrena kaleratu dute, baina proiektuaren helburua ez da aldatu; talde hasiberriei aukera eman nahi zaie, euren abestiak argitaratzeko eta jendeari euren sorkuntza-lana ezagutzera emateko.

Autofinantzatutako proiektua denez, kostuak murrizte aldera, lan guztiak zuzeneko grabaketa bitartez egin dira. Aurten, adibidez, Antixenako gaztetxean bertan grabatu dute diskoa otsailaren 3an eta 4an. Iñaki Zubia izan zen soinu teknikaria eta hari laguntzen izan ziren Tomaso Galati eta Imanol Astudillo.

Diskoaren aurkezpena

Atzo, zapatua, aurkeztu zuten diskoa gaztetxean. Taulara igotzen lehenak Potx eta Lotx pailazoak izan ziren eta 100 lagunetik gora izan ziren, ume eta nagusi, euren ikuskizunaz gozatzen. Euren ostean, Urko Arregik bertsoa abestu zuen eta ondoren hasi ziren kontzertuak. Valls eta Izar, Utopia eta Zuen Azkena taldeak izan ziren lehenak. Gero, atsedena egin zuten afaltzeko, eta musikarekin jarraitu zuten gaztetxean. Broken Legacy, Txua eta Gaitzerdi taldeak izan ziren hurrengoak.

Talde bakoitzak 45 minutu inguru izan zituen, diskorako prestatu duten kantua jo, eta euren beste abesti batzuk abesteko.

Sarreraren 5 euroekin, diskoa oparitu zieten bertaratutakoei, eta antolatzaileak pozik gelditu ziren laugarren disko honek herrian izan duen harrerarekin.

Diskoan parte hartu arren, bakarlari eta talde batzuk ezin izan ziren atzoko aurkezpen kontzertuan egon, baina, esan moduan diskoan euren kantuak izango dira. Pobresiak, Aitor Regueiro, Iker Martinez eta Herstura dira horiek.

Diskoak salgai

Orain, atzo aurkeztutako lanaren diskoak salgai daude herriko hainbat tabernatan: Onan, Arranon, Bogan, Itturrin, Ongin...

Eta sarean ere entzungai daude abestiak webgune honetan. Guztira, 20 abestiz osatutako diskoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak