Bolada txarra iraulita, goraka segi guran

Iker Oñate 2018ko mar. 23a, 09:48

Aloña Mendi futbol taldekoek ez zuten gura moduan hasi bigarren itzulia, baina beherako bideari buelta ematea lortu dute. Orain, galdutako postu horiek berreskuratzeko lanean dihardute. Bergaran dute hurrengo partidua.

Garaipenaren bideari helduta, galdutakoa berreskuratu gura dute Aloña Mendi futbol taldeko mutilek. Bada, gura moduan hasi zuten denboraldia, eta hala jardun zuten lehen itzulia bukatu artean. Baina ostekoak ez zuen bide berean jarraitu: puntu asko galdu zituzten bigarren itzuli hasieran. Eta sailkapenean atzera egitea ekarri zien horrek –hirugarren postuan dira orain–.

"Ez dakigu zerk huts egin zuen; halakoetan zaila izan ohi da arrazoi zehatz bat topatzea. Dena den, galdutakoa berreskuratzeko garaiz gabiltza. Beraz, aurrera begiratzea dagokigu, atzekoari begira gelditu barik", azaldu du Gotzon Urzelaik, taldeko entrenatzaileak.

Gauzak horrela, eta azken bi norgehiagokak garaituta, asteburuan dute gora bideari jarraipena emateko aukera; derbia dute bergararren kontra. Zapatuan dute hitzordua, 17:30ean hasita, Ipintza futbol zelaian. Hamabigarren postuan dira bergararrak –hamasei talde ditu txapelketak–.

Dena den, partidu "zaila" aurreikusten du taldeko entrenatzaileak: "Irabazi beharreko partidua da bi taldeontzat. Eta ezin daiteke ahaztu derbia dela. Intentsitate handiko norgehiagoka izango da, seguru. Talde gaztea dute, oso lehiakorra".

Zehatz esanda, balantzak oñatiarren alde egin zuen lehen itzulian: hiru puntuak erdietsi zituzten bergararren kontrako partiduan. "Oso parean jardun genuen bi taldeok. Halakoetan, detaile txikiek erabakitzen dute partidua. Eta hala izan zen". Gauzak horrela, badakite lehen itzulian moduan jardun beharko dutela asteburuan, garaipena lortu gura badute, behintzat.

Eta, bestetik, azken partiduetako bideari helduta segitzeko konfiantzaz dihardute Aloña Mendikoek: "Fidagarritasuna eta segurtasuna berreskuratu ditugu azken partiduetan. Gogoz gaude, beherako bidearekin zoratu barik, egoerari buelta ematea lortu dugulako. Esan dezakegu ilusioz heldu garela txapelketako azken txanpara. Garrantzitsua da hori".

Sei final

Asteburukoarekin, sei partidu dituzte jokatzeke oñatiarrek, irabazi beharrekoak, mailaz igo gura badute. "Porrotak asko zailduko digu bidea", aitortu du Urzelaik. Zehazki, txapelketako lehen sailkatuari dagokio mailaz igotzea; eta igoera faserako txartela erdiesten du bigarrenak. Gaur-gaurkoz, hirugarren postuan da Aloña Mendi –44 puntu–; Tolosa –48 puntu– eta Eibar Urko –50 puntu– ditu aurretik

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak