Ordiziaren kontra partida borobila egitea lortu du Aloña Mendik. Lehenengo itzuliko neurketan 0-2 markagailuan irabazten joan ondoren, 2-2 berdintzea lortu zuen Ordiziak, eta gaurkoan horrelakorik ez gertatzeko erne ibili dira oñatiarrak.
Partidako lehenengo minutuetan heldu da etxekoen lehen gola (4. minutuan), eta berdegunean nagusi izanik, atsedenaldira 3-0eko abantailarekin joan dira. Bigarren zatian defentsan bikain aritu da Aloña Mendi, eta Ordiziak, lesioekin zorte txarra edukita, ezin izan du erasoan arrisku handirik sortu.
Norgehiagokako laugarren gola Jon Ander Kortabarriak egin du, Joseba Larrearen jokaldi bikain baten ostean, eta bosgarrena Unai Gilek eskuratu du, atezaina buruz-burukoan gainditu ondoren. Oñatiko taldeak, sendo jarraitzen du Erregional preferenteko sailkapeneko goiko postuetan.
Antzuola garaile
Maila berean dauden beste talde debagoiendarren artean Antzuolak soilik lortu ditu hiru puntuak, Idiziabal taldeari 5-0eko jipoia eman ondoren. Aretxabaletak 3-0 galdu du Zumaiakoren kontra eta Bergarak, 2-0, Tolosaren aurka. Ikasberrik eta Mondrak 1-1 berdindu dute.