Musikaren alde hurbila erakutsi gura du Oñatiko Udalak, herriko askotariko eragileekin eta Ahotsenearekin elkarlanean domekan abiatuko duten Beratu jaialdiak. Musika entzuteko askotariko aukerez gain, musikaren ertz ezberdinak bizitzeko modu berri bat proposatu gura dutela diote bultzatzaileek; horretarako, publiko zabalarentzako eta profesionalendako askotariko eskaintza egin dute.
Ahozko tradiziotik abiatuta kantuak sortzen dituzten Maria Arnal i Marcel Bagés katalanek domekan Santa Ana aretoan (19:30) egingo duten kontzertuarekin abiatuko da. Iaz kaleratu zuten memorian eta transmisioan oinarrituta dagoen 45 cerebros y 1 corazón, urteko disko onenen artean aukeratu zutena adituek. Emozioa, jarrera eta talentua batuta emanaldi biziak eskaintzen dituzte. Jaialdiaren informazioa eta sarrerak erosteko aukera, Beratu.eus atarian.