Duatloi txikia egingo dute bihar, zapatua, Oñatiko kaleetan (10:30ean hasita, baina lasterkariek lehenago egon beharko dute). Guztira alebin, benjamin eta infantil mailako 160 atleta gazte izango dira irteera puntuan –8 eta 13 urte bitartekoak–: "Kopuru polita da, kontutan hartuta, gainera, zapatukoa lehenengo edizioa dela. Gipuzkoa mailan egin dituzten beste lasterketa batzuekin alderatuta batezbestekotik gora gaude, baina egia da, infantil mailan atleta gehiago gurako genituzkeela [bizpahiru izango dira]", adierazi du Iban Perez antolatzaileak. Hala, Oñatin egongo diren atleta gazteen %90a Oñatikoak izango dira, baina badatoz inguruetako herrietakoak ere, eta baita Arabatik eta Bizkaitik ere.
Eskola Kirola barruan
Alebin eta benjamin mailetan Eskola Kiroleko programa barruan sartu dute duatloia, baina infantil maila ez, eta hori da beherakadaren arrazoi nagusietako bat: "Garbi daukagu hor lanean jarraitu beharko dugula, epe luzera begira egin beharreko lana da. Hala, garrantzitsua izango da zapatuan gazteak ondo ibiltzea, hitzorduaz gozatzea, eta horrela, errazagoa izango da datorren urtean ere duatloia edo triatloia egitera animatzea".
Txikiak, neutralizatuta
Alebin eta benjamin mailetan duatloiak ez du lasterketa izaera izango: "Probaren lehenengo bi sektoreetan lasterketak neutralizatuak izango dira, hau da, antolatzaileak joango dira euren ondoan erritmoa markatzen, eta ez da sailkapenik egongo". Bestalde, badirudi eguraldiak ez duela lagunduko: "Bizikletekin ez dira errepidera irtengo, eta gainera, neutralizatutako tramuak izango direnez ez dago arazorik. Eta bai, eguraldi ona beti da lagungarria, baina duatloia aire librean egiten den kirol jarduera da, eta gazteei azaldu behar diegu lasterketa batzuk euripean izaten direla".