Asteburuan hasiko du Oñatik txirrindularitza karteldegia. Alebin eta infantil kategorietako ordezkariak izango dira Unibertsitate inguruan, 16:30ean hasita. Eta gogoz jarduteko osagairik ez zaie falta: denboraldiko bigarren lasterketa da askorendako. Hori horrela, 100 txirrindulari inguru espero dituzte antolatzaileek; Bizipoz-Aloña Mendi taldeko hamahiru gazte izango dira horien artean.
Dena den, mugarik ezarri barik, txirrindularitza sailak bertan parte hartzera gonbidatu ditu herriko gaztetxoak. " Federakuntza mailako lasterketa izan arren, eskolartekoa dela kontuan izanda, 7 eta 10 urte bitarteko gaztetxoak gonbidatu gura ditugu", diote. Eta gaineratu dute ez dela baldintza berezirik eskatuko: "Kaskoa eta edozein motako bizikleta (errepidekoa, mendikoa...) izatea, besterik ez".
Txanponaren bi aldeak
Aurreko asteburuan txanponaren bi aldeak ezagutu zituen herriko txirrindularitzak: lasterketa irabazleak eta min hartutako txirrindulariak izan ziren. Batetik, Elgoibarko proba garaitu zuen Aimar Erostarbek; eta, horretan geratu barik, taldekako sailkapena euren egitea lortu zuten Ulma-Aloña Mendikoek –kadeteak–. Eta izan zen bestelako emaitza baikorrik ere: eskolartekoan hirugarren postua erdietsi zuen Bizipoz-Aloña Mendiko Aimar Madinak.
Esan moduan, baina, txanponaren beste aldea ere ezagutu zuen sailak: erorikoa izan zuten Ekaitz Txintxurretak eta Xabi Murgiondok. Lepauztaia apurtu zuen lehenak; eta behatza josi behar izan zioten bigarrenari.