Orain arteko ibilbidea errepasatuz hasi zuen bilera martitzen iluntzean Oñatiko Gure Esku Dago taldeak. Eta hemendik aurrerako asmoak azaldu zituen ondoren. Horien artean hiru: galdeketekin jarraitzea, ekainaren 10eko giza katea eta Herritarren Ituna.
Ituna
Donostia eta Gasteiz elkartuko dituen giza katea ekainaren 10ean egingo da eta 187 eta 188 kilometroetan egongo dira oñatiarrak. "Araba eta Bizkaia arteko mugan dago, Altube mendatearen inguru horretan. Leintz bailarakoak eta Oñatikoak Arabako eta Bizkaiko mugara joango gara eta Bergarakoak, Antzuolakoak eta Elgetakoak, Gipuzkoan egongo dira. Lan talde bat laster hasiko da egun hori antolatzen: txartelak, autobusak... Ikusten diren beste lanetan ere herritarrek parte hartzea gurako genuke. Aste honetako bilera informatiboa zen batetik, baina laguntza deialdia ere izan da, eta pozik gaude izan duen erantzunarekin", dio taldeko Lierni Olmedok. Eta giza katerako dena prest egon dadin, Herritarren Ituna lantzen ere hasiko dira. "Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarron 2.109 arrazoi biltzea da erronka. Arrazoi horiek legebiltzarrera bidaliko dira gero egitasmo hori Herri Itun bilakatzea eskatzeko", dio Olmedok.
Mintegia
Oñatin, apirilaren 14an egingo dute mintegi bat oñatiarren arrazoiak biltzeko eta batutakoak zabaltzeko jai egun bat ere egingo da. Maiatzean izango da hori, Klik eguna, eta herri bakoitzak bere formatuan ospatuko du.