Astelehenean hasi zen Gipuzkoako Urak enpresa lanak egiten Bakardadearen Ama kalean. Ur edangarriaren hoditeria aldatuko dute eta lan horiek egiteko kalea itxi behar izan dute. Bi hilabetez egongo da itxita.
Etorbidea
Lanak bukatu arte Bakardadearen Ama kalea itxita egongo da 08:00etatik 18:00etara eta bitarte horretan Euskadi Etorbidea izango da ibilgailuen irtenbidea. Kultura etxearen atzean, Maibi dendaren aurrean, dagoen isleta biribilgune bihurtu da eta Errekaldetik eta Euskadiko etorbidetik doazen ibilgailuek han emango dute buelta berriz Bidaurretako biribilgunerantz joateko. Unibertsitate etorbidetik Porturako zirkulazioak ez du aldaketarik.
Kalearen barrenean dauden TAO aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo datozen bi hilabetetan eta Ugarkalde-Errekalde-Kasablanka linea egiten duen Herribus zerbitzuan ere aldaketak egongo dira.
Argiteria
Lan hauek bi fasetan egingo ditu Gipuzkoako Urak enpresak eta hoditeria aldatzeko lur zorua jaso behar dutela aprobetxatuz, beste lan batzuk ere egingo ditu udalak inguru horretan.
Lehen fasean, esaterako, Urtxin loradenda eta Aker taberna pareko tartean dagoen hoditeria aldatuko dute. Bigarrenean, Aker eta Txaketua tabernen artekoa. Eta bigarren faseko lan horiek aprobetxatuko ditu udalak beste lan batzuk egiteko, esaterako, argiteria aldatzeko. Tarte honetan udalak hainbat irisgarritasun lan egingo ditu beste lanak egiten ari direla aprobetxatuta: espaloi bat zabaldu eta zebrabide baten irisgarritasuna hobetu, besteak beste. Sabadell-Guipuzcoano banketxe atzealdeko espaloia da zabalduko dutena, Portu kaletik doanari jarraipena emanez. Argiteriako azpiegiturak ere aldatuko dituzte. Bigarren fase horrek zirkulazioan izango duen eragina eta kalearen itxiera ordutegia desberdinak izango dira. Horiek hasi arte, baina, Bakardadearen Ama kalea erabat itxita egongo da 08:00etatik 18:00etara. Gainerako orduetan ohiko moduan erabiliko dute ibilgailuek.