'Munilla, deabrua zure bila' dioen kartela jarri dute Arantzazun

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 12a, 16:59
Arantzazun jarritako pankarta. (Argazkia: @M8DebaEskualdea)

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak martxoaren 8aren ataritan egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituen; haren hitzetan feministek "deabrua barruan" daramate. Gizarteko hainbat arlotatik salatu ziren hitz horiek eta ordutik hainbat herritan ikusi dira Munilla, deabrua zure bila dioten pankartak.

Radio Maria irratiko Sexto Continente saioan Munillak egin zituen adierazpenek kritikak gogorrak jaso zituzten. Martxoaren 8aren harira feminismoaz jardun zuen gotzainak eta bi feminismo mota desberdindu zituen. Bata, "femeninoa" eta Munillak ontzak jotzen duena, "legearen eta justiziaren aurrean gizon eta emakumeen arteko berdintasuna" bilatzen duena. Bestea, aldiz, "feminismo erradikala" dela esan zuen irratian, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko "erabateko berdintasuna" bultzatzen duena, eta azken hau deabruarekin lotu zuen.

Horrez gain, Munillak irratsaio berean, feminismoa gogor kritikatu zuen abortu librea eta doakoa eta antisorgailuen erabilera babesteagatik. Lesbianismoa eta bisexualitatea ere salatu zituen Donostiako gotzainak.

Talde feministez gain, herritar askok sare sozialen bidez salatu zituzten Munillak feminismoaren kontra esandakoak, eta baita agintari eta alderdi politikoek ere. Horregatik, hurrengo egunean gotzainak bere hitzak argitzeko saiakera egin zuen, eta bide batez, irratsaioan esan zuena testuingurutik atera zela ere salatu zuen.

Hainbat ekintza egin dira Euskal Herrian adierazpen horien harira. Martxoaren 8an, feminista talde batek, gerritik gora biluztuta salatu zituzten Munillaren hitzak Donostian Artzain Onaren aurrean. Horretaz gain, La Nueve de Anonymous kolektiboak Donostiako Elizbarrutiaren webgune ofiziala hackeatu zuen "greba feminista babesteko". Bestalde, Arantzazun agertu den pankarta beste hainbat herritan ere ikusi ahal izan da.

Zumarragako parrokian pasa den astean agertutako kartela.

Zumaian agertutako murala. (Argazkiak: @PlazaFeminista)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak