'Arkeologoak' ikuskizuna aurkeztuko du martxoaren 17an Oñatiko Ganbara Txiki Abesbatzak

Miren Arregi Amasorrain 2018ko mar. 9a, 15:50

Kantua Kalean ekimenaren baitan egingo den hirugarren ikuskizuna aurkeztu dute gaur goizean Ganbara Txiki Abesbatzako arduradunek. Arkeologoak izena du eta datorren martxoaren 17an egingo da. 12:00etan kalejira egingo da Oñatiko kaleetan barrena eta arratsaldean, ikuskizunaren bi emanaldi egingo dituzte Gaztelekuan. Arratsaldeko saioak, Arkeologoak ikusizuna aurkezteko ez ezik, Imanol Urbietari keinu egiteko ere baliatuko dituzte. Hala, lehenengo zatian, haren abestiak kantatuko dituzte. Ganbara Txiki, Txikitxo, Tailerrak eta Ikastetxeak Kantariko neska-mutikoek hartuko dute parte.

Bi urtean behin egin ohi duten moduan, datorren zapaturako, martxoaren 17an, Kantua Kalean ekintza prestatu du Ganbara Txiki Abesbatzak. Aurtengoan, historiako zibilizazio desberdinez jantziko dituzte herriko kaleak. Goizean emango diote hasiera egunari. 12:00etan, 120 ume inguruk kaleak girotuko dituzte, musika eta koreografia desberdinekin. Arratsaldean, 17:00etan, egingo da lehenengo emanaldia gaztelekuan. Bigarrena, 18:30ean egingo da. Arratsaldeko emanaldietan, Imanol Urbieta zena ere omenduko dute, haren abesti ezagunenak entzuteko aukera eskainiko baitute. Sarrerak salgai daude, Txokolateixan, 5 eurotan.

'Arkeologoak' ipuin musikatua

Musikal honek, antzinako zibilizazioetan barrenako bidaia bat proposatzen du. Mesopotamia, Egipto, Grezia... Hori guztia musikaz osaturik eta antzezturik agertuko dute Ganbara Txikiko eta Ikastetxeak Kantariko umeek.

Bereziki umeei zuzendutako ikuskizuna bada ere, edozein adinetako lagunek gozatzeko moduko antzerki musikatua eskainiko dute herriko txiki eta gaztetxoek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak