Egitarau berezia antolatu dute herriko gaztetxekoek astebururako; Gazteburua bataiatu dute egitasmoa. Eta, besteak beste, itzulerako lehen kontzertua eskainiko du Drakes musika talde oñatiarrak –WC arrasatearren laguntza izango dute horretarako–. Hain zuzen ere, zapaturako finkatu dute hitzordua, 22:00etan hasita, herriko gaztetxean.
Baina hori ez da asteburuko ekintza bakarra izango. Gaur –egubakoitza– hasiko dute egitaraua, Muntai polizialak mahai inguruarekin; Oreretako eta Altsasuko kasuak izango dituzte jorragai, 18:00etan hasita. Eta, ostean, bi bakarlarik jardungo dute agertokian–20:00etan–: Aitor Regueirok eta Haritz Olaetak.
Bestetik, esan beharrekoa da Drakes eta WC taldeen kontzertuak ez direla biharko hitzordu bakarrak izango. Egunari hasiera emanez, bertso saio musikatua egingo dute Onako plazatxoan, 12:00etan hasita. Eta, triki-poteoa, bazkaria eta presoen aldeko argazki erraldoia izango dira horren ostean.