Areto futbol sailak taldea izan gura du seniorretan

Iker Oñate 2018ko mar. 2a, 08:30

Duela bost urte ekin zieten areto futboleko taldea berreskuratzeko ahaleginei. Eta horrek eman du fruiturik. Izan ere, gaur-gaurkoz, bi talde ditu sailak: kadete eta gazte mailetan dihardute horiek. Senior mailan jardun gura dute laster.

Gora bidean da Oñatiko areto futbola. Duela bost urte heldu zitzaion saila berreskuratzeko egitasmoari, infantil mailako taldea sortuz. Eta gaur egun bada horren zantzurik: gazte mailan dihardu behinola areto futbolaz gozatzen hasi zen lagun taldeak. Horiez aparte, kadete mailan ere badu ordezkaririk Aloña Mendik.

"Ondo pasatzeko bide bezala genuen areto futbola. Eta berdinean dihardugu. Hori bai, urteekin, sendotuz doa taldea, gero eta gehiago dira gurekin bat egitea erabaki duten lagunak", azaldu du Bittor Perosterenak, gazte mailako kapitainak. Eta bide beretik segitzeko asmoarekin dihardute.

Gaur-gaurkoz, oñatiarrak hamahirugarren postuan dira sailkapenean –hamalau talde daude–, bederatzi puntu eskuratuta. Eta partidu garrantzitsua dute asteburuan, Lasarteko taldearen kontra. Hain zuzen, hamabigarren postuan daude lasartearrak; beraz, euren kontrako partidua irabaziz gero, txapelketan gora egingo lukete oñatiarrek. Zapatuan dute hitzordua, 09:30ean hasita, Zubikoa kiroldegian.

Kadeteek, lau urte

Baina, esan moduan, gazte kategorian diharduena ez da herriko areto futbol sailak duen talde bakarra. Horrez aparte, kadete mailan ere badu ordezkaririk. Horiek duela lau urte ekin zioten ibilbideari. Eta orduko asmo berarekin segitzen dute. "Emaitzei baino gehiago, ondo pasatzeari ematen diogu lehentasuna; partidu onak eginez, betiere. Finean, egindakoaz gozatzea da garrantzitsuena", argitu du Egoitz Hervasek, kadete mailako kapitainak.

Zehatz esanda, bederatzigarren postuan dira kadeteak –hamahiru talde daude–, hamasei puntu erdietsita. Eta atseden hartzea dagokie asteburuan. Alegia, ez dute norgehiagokarik. Beraz, txapelketako beste taldeen emaitzei begira egotea besterik ez zaie geratzen.

Aurrera begira

Bien bitartean, aurrera begira dira areto futbol saileko arduradunak: taldea izan gura lukete senior mailan. "Gazteen kategorian dihardutenek bi urte barru izango dute senior mailan jarduteko adina. Hala ere, datorren urtean, gazte kategorian bi talde sortzeko behar beste jokalari egonez gero, baliteke senior mailako estreinakoa urtebete aurreratzea. Alegia, goiko kategoriara bidaliko genuke gazte mailako talde bat", diote saileko arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak