Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitazio fasean dauka, Udanan, GI-2630 errepideko 9,670 eta 9,715 kilometro puntuen artean gertatu zen lur-irristatzea konpontzeko obra. Lanak, Aste Santu ondoren hasiko direla aurreikusten du eta, errepide zoru guztiari eragiten dion lerradura egonkortzea izango da egingo duten lana. 45 metroko eskoilera bat eta terraplen edo lubeta bat eraikitzea da egin gura dutena.
Obrak, 242.000€ ko aurrekontua du eta bi hilabete eta erdiko exekuzio epea. Lanek irauten duten bitartean, lur-irristatzea gertatu ondoren egokitu den ordezko bidetik arautuko da trafikoa, semaforoen bidez.
Lanak bukatzen dituztenean, debekatuta izango dute handik pasatzea neurri hauek gainditzen dituzten garraio eta ibilgailu bereziek: zabaleran 3,5 metro baino gehiago dutenek, 25 metro baino luzeagoak direnek eta 40 tona baino gehiagoko pisua dutenek.