Martxoaren 4an Azpeitian jokatuko den finalera begira kirolari guztiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 18a, 14:22

Hamabiak jota eman diote hasiera Urrezko Aizkolariak jardunaldiari Oñatiko Foruen plazan. Txandaka aritu dira aizkolariak eta harri-jasotzaileak, eta herri kirol ikuskizun polita eskaini dute.

Lau dira lehenengo aldiz antolatu den emakumezkoen txapelketa jokatzen ari diren lehiakideak, eta martxoaren 4an Azpeitian egitekoa den finalerako txartela dute jomuga. Oñatin izan dira gaur Iturengo Maika Ariztegi, Berako Nerea Sorondo eta Irati Astondoa zeanuriarra. Gaurkoan Maika Ariztegi izan da azkarrena 5'55 denborarekin. Sorondok egin du bigarren 6'11 denborarekin, eta Irati Astondoan izan da hirugarren 6'20 denborarekin. Erabakitzeko dago oraindik nortzuk izango diren Azpeitiko finalean. Laugarren lehiakidea Elgorriagako Irune Izkue da.

"Garrantzitsua da jendeak gu plazan ikustea. Poliki-poliki ari gara gure lekua egiten eta aurten lehenengo aldiz txapelketa antolatu dutenez parte hartzea garrantzitsua zen", adierazi du Sorondok. "Harrera oso ona izaten ari gara", gaineratu du Oñatin ezaguna den Astondoak. "Nik gaur ez dut nire lana ondo bete, baina ikusleen animoak jasotzen ditugu eta garrantzitsua da".

Gizonezkoetan bikoteka egin dute lehia. Alde batetik Ugaitz Mugertza II. eta Joseba Otaegi eta bestetik Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo. Lehenengo bikotea hobeto ibili da gaur, eta 21'59 behar izan dituzte lanak amaitzeko. Azurmendi-Rekondo bikoteak minutu bat gehiago behar izan du.

Harri-jasotzaileak

Xabier Aranburu Guzta eta Iban Ugartemendia aritu dira nor baino nor Oñatiko Foruen plazan. Aranburu sailkatu da martxoko lehenengo domekan Azpeitiko Izarraitzen jokatuko den finalerako. Zazpi jasoaldi egin ditu 175 kiloko harriarekin eta beste zazpi jasoaldi 150 kiloko kubikoarekin. Ugartemendiak bosna jasoaldi egin ditu.

 

Erlazionatuak

Urrezko Aizkolariak jardunaldia Oñatin

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 ots 18 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak