Bertan behera geratu da Oñatiko duatloia

Julen Iriondo 2018ko ots. 16a, 16:05

Martxoaren 11n egitekoa zen, baina oraindik ez zuten beharrezko baimenik. Aloña Mendi Triatloi Taldeak zabaldutako oharrak dio data zehazteko gero eta zailtasun gehiago izaten dutela urtetik urtera, eta iazkoa jartzen du adibide: zapatu arratsaldetik domeka goizera aldatu behar izan zuten, eta baimena hiru aste lehenago iritsi zitzaien gainera, hain denbora laburrean horrelako ekintza bat antolatzeak dituen zailtasunekin.

Hurrengo urtean duatloia berriro antolatzen saiatuko direla diote, baina horretarako federazioen, trafiko arduradunen eta antolakuntzaren arteko elkarlana beharko dela, aurtengoagatik barkamena eskatzearekin bat. Martxoaren 10erako iragarritako duatloi txikia mantendu egingo dute. Hona hemen Aloña Mendi Triatloi Taldearen oharra:

"Lehenik eta behin bihotzez barkamena eskatu nahi dizuegu hartutako erabakiak sortu ditzakeen eragozpenengatik. Ez genuen inolaz ere puntu honetara iristerik nahi ez eta espero ere. 26 urte daramazkigu jarraian Oñatiko duatloia antolatzen. Froga xume bezala hasi zena, orain dela 5-6 urte Oñatiko herritarrei esker eta parte hartu izan duten kirolarien harrerari esker jaso zuen gorengo maila. 2011 eta 2012 urtetan 400 parte hartzailetik gora elkartu zirelarik herriko plazan.

Azkenengo urteetan ordea, geroz eta zailtasun gehiago batu zaizkigu antolakuntzari dagokionean. Duatloirako data bat zehaztea urtetik urtera zaildu egin zaigu. Iaz larunbat arratsaldetik igande goizera aldatu eta froga baino 3 aste lehenago konfirmatu ahal izan genuen data. Horren denbora gutxirekin besteak beste froga honek behar dituen 80 bolondres baino gehiago lortu behar izan genituen, beste hainbat lan eta ardura aurrera ateratzearekin batera.

Hori gutxi balitz, trafikoko arau berriak indarrean jarri zirenetik arazoak izan ditugu zirkuituak zehazteko orduan. Iazkoan trafiko aldetik gure frogak balorazio negatiboa jaso zuen eta horren ondorioz, aurtengo ediziorako duatloia igande arratsaldera aldatzea behartuta ikusi ginen baimena lortu asmoz. Aldaketa hau guretzako ere ez da batere erosoa izan, izan ere, larunbat goizean duatloi txikia antolatuko baitugu eta plaza guztia muntatu ondoren, berriro dena kendu eta igandean lan berdina egiteko prest zegoen gure taldea. Parte hartzailearendako ere ez zen aukerarik onena eta aukera honek bere arriskuak zituen arren, froga aurrera ateratzeko apustua egin genuen hasiera batean. Hala eta guztiz ere, Oñatiko XXVII. Duatloia ospatzeko 3 aste falta diren honetan oraindik ez dugu baimenik jaso eta pena handiz duatloi nagusiaren antolakuntza bertan behera uztera behartuta ikusi gara. Martxoaren 10ean, larunbat goizean izango den duatloi txikiarekin aurrera jarraituko dugu.

Gurea bezalako froga bat ondo antolatzeko gutxienez 2 hilabeteko aurrerapenarekin baimena jaso eta data ondo lotuta izan beharko genukeela pentsatzen dugu. Horrela guk denboraz kontu guztiak aurreikusi eta ondo lotzeaz gain, kirolariek ere gure froga beraien agendan kontutan hartu dezaten. Hori horrela izan dadin gu autokritika egiteko prest gaude baina, kirol modalitate desberdinetako federazioen, trafikoko arduradunen eta antolakuntzan parte hartzen dugun gainontzeko agente desberdinen inplikazioa nahiko genuke gauzak modu eraginkor batean hobetu ahal izateko. Hausnarketa bat egin beharra ikusten dugu guztion partetik.

Datorren urtean aurtengoan ospatuko ez den Oñatiko 27. duatloia berriro aurrera eramaten saiatuko gara. Tamalez, hori gertatu dadin gure borondatea baino zerbait gehiagoren beharra ikusten dugu. Laister Oñatiko plaza berriro zuen bizikletaz josita ikusiko dugulakoan agurtzen gara.

Bien bitartean Euskal Herriko gainontzeko frogetan ikusiko dugu elkar".

Aloña Mendi K.E.
Triatloi Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak