Akordeoi jotzaile ohiek kontzertua egingo dute Santa Anan

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ots. 8a, 17:00
Kontzertuan parte hartuko duten herritar batzuk

Oñatin soinua jotzen dakien jende asko dagoela jakitun, kontzertu berezi bat antolatu dute Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi irakasleek: filma ezagunetako soinu bandak joko dituzte abenduan Santa Anan.

Kontzertu berezi bat antolatu dute Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi irakasleek: soinua jotzen ikasten ibili diren eta jotzen duten herritarrak elkartu eta emanaldia eskainiko dute urte amaieran Santa Ana antzokian. "Beste herrietan ez da ikusten Oñatin beste jende akordeoia ikasten edo jotzen. Zaletasun hori badago Oñatin eta ikasten ibili direnekin egin gura dugu kontzertu hau", dio Arantxa Iturriotzek.

Zaletasun hori aspaldikoa ei da Oñatin, gainera. "Ez dakigu zenbat ikasle izan ditugu urte guzti hauetan baina badakigu egungoek soinu bat erostea gura dutenean ez dutela bigarren eskukorik topatzen. Horrek esan gura du jendeak etxean dituela instrumentu horiek, agian kuttuntzat dituztelako edo agian egunen baten berriz joko duten esperantza mantentzen dutelako. Eta horiek animatu gura ditugu emanaldi honetara. Egia da askok ez dutela soinurik jo urte askotan eta hasieran poliki joko dutela, baina uste baino errazagoa egingo zaie", dio Iturriotzek.

Emanaldia

Emanaldiaren eguna zehaztu barik dute oraindik; ziurra da, ordea, Gabonetan izango dela. Baina nolakoa izango den badakite dagoeneko. "Filma ezagunen musika bandak joko ditugu Jurassic Park, Mamma Mia, Chariots of fire edo The great escape, esaterako. Erraz jotzeko moduko piezak aukeratu ditugu eta horiekin hasiko gara. Aurrerago ikusten badugu posible dela zailtasun handiagoa duten piezak sartzea ba horiek ere prestatuko ditugu", aurreratu du Arantzazu Bikuñak. Filmetako musika entzun ez ezik, irudiak ere ikusiko dira emanaldi horretan Bikuñaren esanetan: "Gure asmoa da pantaila erraldoi bat jartzea eta pieza jotzen dugun bitartean filma horretako irudiak proiektatzera han. Beste emanaldi batzuk ere egin izan ditugu formatu horretan eta gustatzen zaigu emaitza".

Asmoa da animatzen diren guztiak batera jotzea emanaldi bakarrean baina baliteke beste modu baten ere antolatzea kontzertua. "Agian pieza batzuk joko ditugu gaur egun akordeoia ikasten eta jotzen duten ikasleekin eta azken urteetan ibili direnekin, eta beste pieza batzuk aspaldi jo ez dutenekin. Oraindik ez dugu ezer zehaztu. Guztiok elkartzen garenean ikusiko dugu ze itxura ematen diogun", adierazi du Arantzazu Bikuñak.

Martxoak 20

Joko dituzten pieza batzuk aukeratuta dituzte eta horien prestatzeko modua aztertuko dute orain. Apuntatzen den jende kopuruaren eta mailaren arabera egingo dute hori eta musika eskolako akordeoi irakasleen laguntza izango dutela ziurtatu dute. "Kontzertua oso polita izango da eta ez da zaila izango, gainera. Beraz, ez dadila inor beldurtu. Esku bakarrarekin joko ditugu piezak eta laguntzeko prest gaude. Bakoitzak etxean prestatu beharko ditu, bai, baina musika eskolan ere egingo ditugu entseguak eta gure laguntza izango dute edozertarako", azaldu du Idoia Elkorobarrutiak.

Emanaldi honetan jo gura duenak musika eskolako web orrian sartuta eman behar du izena: www.jazpiazumusikaeskola.com. Martxoak 20 da izena emateko azken eguna nahiz eta gerora apuntatzen direnek ere izango duten taldean sartzeko aukera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak