Protestei ekitea erabaki dute pentsiodunek, urteroko %0,25eko igoera hori "lotsagarria" dela iritzita eta euren eroste ahalmenean %6,5eko galera eragin duela ikusirik: "Etorkizunean ere, gutx¡enez, 2022ra arte, egoerak horrela jarraituko du. Etorkizun beltza, benetan, urtetik urtera erosteko ahalmena galtzen joango baikara. Izan ere, gobernuan dagoen Mariano Rajoyren Alderdi Popularrak %0,25eko igoera hori ezarrita dauka", diote Oñatiko Pentsiodunak elkartetik.
Gutunak itzuliko dituzte
Egoera salatzeko Oñatiko Pentsionistek martxan jarritako ekimenen artean dago, Enplegu Ministeriotik bidaltzen dituzten eskutitzak Espainiako Enplegu ministro Fatima Bañezi bueltan bildatzea. Dagoeneko zabalik dago gutunak jasotzeko epea eta gaurko elkarretaratzean jakinarazi dutenez, epe hori hilaren 10era arte, zapatua, luzatuko da. Horiek jasotzeko aukera dago herriko hainbat komertziotan: Aldin, Olakuako Irizarren, Eskolatxon, Juanitosan, San Migel Kooperatiban, Pake Lekun, Zubikoa Kiroldegiko tabernan eta Igartua farmazian.
Hilaren 10ean gutun guztiak jasoko dituzte eta hilaren 12an, astelehena, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan. Kontzentrazio horretan, parte-hartze datuak jakinaraziko dituzte, eta ondoren, Korreosera eroango dituzte gutunak, handik, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministeriora bidaliko dituztelarik.