Lehenengo saio hartan lau bikote aritu ziren lehian: Urko Arregi –oñatiarra– eta Gartxo Ramirez; Aitor Tatiegi –oñatiarra– eta Bittor Altube; Aritz Irigoien –oñatiarra– eta Haizea Arana; eta Gontzal Belategi– oñatiarra– eta Asier Ibarguren. Bikoteko kide bakoitzak antzeko ariketak egin behar izan zituen neurri ezberdineko bertsoak kantatuz, eta bukaeran, Arregik eta Ramirezek osatutako bikotea izan zen onena, 354,05 puntu eskuratuta. Hala, zuzenean finalerako sailkatu ziren.
Bigarren Tatiegi eta Altube sailkatu ziren, 352,45 punturekin. Haiek, berriz, biharko saioan gertatzen denaren zain geratu beharko dute finalean ariko diren edo ez jakiteko. Izan ere, bi saioetako irabazleez gain, puntuazio altuena lortu duen bigarren sailkatuak lortuko du finalerako txartela –hiru bikotek jokatuko dute finala–.
Biharko saioari dagokionez, Pako tabernan jokatuko da, 17:00etan, eta beste lau bikote ariko dira: Bittor Zubiagirre – oñatiarra– eta Andoni Mujika, Xabi Agirre –oñatiarra– eta Ane Peñagarikano, Garazi Navarro eta Oihana Arana eta Ane Beloki eta Iraitz Sarasola.
Finala, berriz, otsailaren 16an izango da, 19:00etan, Antixena gaztetxean.