Lapikoan egindako txokolate beroa eskaintzen dute Txokolateixian

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ots. 1a, 10:10

Txokolateixiako Anton Azpiazu, Oihana Diaz eta Ane Astigarraga txokolate beroa hartzen (Argazkia: MG)

"Lehengo moduan dago eginda, lapikoan, eta ohituta gaudenarekin konparatuz kakao gehiago eta azukre gutxiago du; oso zapore ona", azaldu du Anton Azpiazuk. Maiatza bitartean eskainiko dute Txokolateixian, euro baten. Datorren urtean piperrekin egindako txokolatea izango dute.

Ohiko txokolate tableta, trufa eta bonboiez gain, egindako txokolate beroa ere badute Oñatiko Txokolateixian. "Lapikoan egindakoa da, lehen egiten zen moduan, eta bero beroa zerbitzatzen dugu hemen. Sartu eta eskatu baino ez da egin behar", dio Txokolateixiako arduradun Anton Azpiazuk.

Basoan

Lapikoan egin eta bero mantentzen dute txokolatea. "Askotan probatzeko ematen diegu sartzen direnei eta edalontzia ez botatzeko eskatzen diegu. Gehienei gustatzen zaie probatutakoa eta orduan bai, orduan goraino betetzen diegu edalontzia txokolatez eta euro bat kobratu", dio Azpiazuk.

Bere esanetan txokolatea gustuko dutenak asko apreziatu dute egindakoa: "Egia da normalean hartzen duguna dultzeagoa dela. Honek kakao gehiago du eta azukre gutxiago, baina zaporea sekulakoa da".

Bisitariak

Txokolateixiara doan edonork du aukera egindako txokolatea eskatzeko. "Eta euren iritzia jakin gurako nuke. Nik ematen ditut txokolatearen gaineko azalpenak eta bere historia kontatzeko gertu egoten naiz, baina gustatzen zait hona datorren jendeak pentsatzen duena jakitea, entzutea. Azken finean txokolatea bizia da, eta denon kolaborazioarekin atera diezaiokegu probetxua. Oso garrantzitsua da bisitariekin sortzen den hartu-eman hori", azaldu du maestro txokolateroak.

Pozik dago Azpiazu Txokolateixiak orain arte egin duen ibilbidearekin. "Joan den urtean ere jende asko etorri zen eta ondo erantzun zuen jendeak. Ez nuen espero, egia esan, jendeak horrenbeste kontu esatea txokolateari buruz, euren esperientziei, gustuei, ohiturei... buruz eta horrek asko pozten nau", adierazi du Anton Azpiazuk.

Izozkia eta piperrak

Burua beti martxan izaten duen horietakoa da Azpiazu eta egindako txokolatea zerbitzatzearekin batera ideia berriak ditu buruan. Horietako bat da, esaterako, izozkia eskaintzea: "Txokolate beroa maiatzera bitartean izango dugu hemen eta gero izozkia izatea gurako nuke, baina ez dut hau bezain erraza ikusten. Ez dut gura marka komertzial handiekin egitea baizik eta hemengo batekin Oñatikoa, Euskal Herrikoa. Bertako esnearekin lana egiten duena... Horri izozkia zelan hotza mantendu eta nola eskaini pentsatu beharko nuke".

Hori baino egingarriagoa ikusten du piperrekin egindako txokolatea salgai jartzea. Datorren urterako egin gura du hori Azpiazuk: "Gatzarekin ere egiten dugu eta piperrarekin probatu gura dut orain. Tolosako Rafael Gorrotxategik egindako piper-opilak izan ditugu orain hemen salgai eta dena jan arte ez zitzaion piper gusturik hartzen. Horrelakoa izango litzateke piperrekin egindako txokolatea ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak