Oñatiko EAJk prentsa oharrean esan duenez, "oñatiarrengandik jasotako eskaerak aintzat hartuta, herrian segurtasun neurri gehigarriak ezartzea" proposatu zuen 2018ko aurrekontuetarako. Neurri horien artean daude, esaterako, asteburuetan edo herriko festetan udaltzaingo zerbitzua gauetara ere zabaltzea. Orain, "azkenaldian Oñatiko etxe, baserri, garaje edota bestelako establezimenduetan jasandako lapurretek sortutako kezka" dela eta, udal talde jeltzaleak "premiazkotzat" jo du segurtasunaren gaia berrikusi eta aipatutako proposamenak eta "beste hainbat neurri gehigarri" hartzea.
EAJk proposatu du, "Urnietan egin den moduan, astelehenetik igandera Ertzaintzak gaueko zaintza zerbitzua eskaintzeko Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat sinatzea". "Ziur gaude horrelako sistema bat guztiz baliagarria izango dela zaintza zerbitzua hobetzeko eta oñatiar ororen lasaitasuna oztopatzen duten egoerei aurre egin edota horiek ekiditeko", gaineratu dute.
Kale argiztapenean ere hobekuntzak proposatu ditu
Gainera, jeltzaleen hitzetan, "herriko kaleak egoki argiztatzeak oñatiarren segurtasuna eta lasaitasuna indartuko luke". Erantsi du, Oñatiko argiteria hobetzeko proposamena sarritan egin diola EAJk udal gobernuari, baina ez dituela "neurri egoki eta eraginkorrak hartzen".
“Gaur egun oraindik puntu beltz ugari daude herrian, egoki argiztatu gabeko guneak, alegia, herritarrek behin eta berriz aldarrikatutakoak: Olakua- Olapotoko eremua, kale nagusien alboko kaleak edota landa eremuak esaterako; izan ere, ez da nahikoa bonbillak aldatzearekin. Horrez gain ezinbestekoa da jarritako argiak nahikoak direla eta eremuak eta kaleak egoki argiztatzen dituela egiaztatzea, horrela herritarrak seguru sentituko dira bertatik pasatzean”, azaldu dute EAJ-PNVren udal taldeko kideek.