Eskubaloiak gora bidean segitzen du. Hori ikusarazi zuen aurreko asteburuak, kadete mailako neskek Euskal Ligara igotzea lortuta. Eta oraindik ere badago gorago egiteko aukerarik: mailaz igo daitezke gazte kategoriakoak. Asteburuko igoera fasean gogoz jardun beharko dute horretarako –ligaxkako lehen bi taldeena izango da igoera–. "Ez da erraza izango, baina maila onean gaude. Lor dezakegu", dio Ioritz Agirianok, gazte mailako nesken entrenatzaile taldeko kideak.
Hain zuzen, Askartza (Leioa), Pulpo (Zumaia) eta Bera Bera (Donostia) taldeak izango dituzte aurkari, hurrenez hurren, Mundakako Isla Kale kiroldegian; zapatuan –11:45 eta 16:00– eta domekan –12:00– jokatuko dituzte partiduok. "Maila handiko taldeak dira. Gure ligan lehiatu da Bera Bera; eta oso denboraldi ona egin du orain arte. Bestetik, Euskal Ligatik dator Pulpo. Duda barik, tentuz jardun beharko dugu, gogoz", dio Agirianok. Eta argi du helburua: "Mailaz igotzea ederra litzatekeen arren, minutuak banatzeari ematen diogu lehentasuna, denek dasta dezaten igoera fasea jokatzearen esperientzia".
Besteak beste, jakitun dira fasea garaipenarekin hasteak duen garrantziaz. "Gogor jardun behar dugu lehen minututik. Lehen partiduko emaitzak eragina du ostekoetan. Irabazi beharrekoa da, beraz", adierazi du entrenatzaileak. Orain arte moduan segitzean legoke gakoa. "Talde izaera mantendu behar dugu. Eta defentsa gogorra egin. Atzeko lanari esker irabazten dira partidu asko", dio.
Kadeteak, Euskal Ligan
Aloña Mendiko kadete mailako neskek, esandako moduan, orain artekoa borobildu egin zuten aste bukaeran. Gipuzkoako txapeldun bilakatu ziren, eta Euskal Ligan jarduteko txartela erdietsi zuten, horrenbestez. "Oso pozik gaude lortutakoarekin. Denboraldi hasieran finkaturiko helburuetako bat zen igotzea; polita da asmoak betetzen ditugula ikustea", aitortu du Aitor Billarrek, kadete kategoriako nesken entrenatzaileetako batek.
Bada, luzatu barik, asteburuan estreinatuko dute Euskal Liga. Hain zuzen, Urnietaren aurka jardungo dute nor baino nor gehiago, Zubikoan, 18:00etan hasita. Eta orain, "gozatzea" dute helburu: "Finean, hemendik aurrerakoa saria da neskentzat, denboraldian zehar erakutsitako konpromisoagatik lortu dutena. Beraz, Euskal Ligaz disfrutatzea da hemendik aurrerako asmoa, besterik ez".