Ezkontza bat da Txarriboda. Ezkontza basati bat. Mireia eta Imanol ezkontideen arteko ezkontza da antzezlanaren muina, eta testua aktoreen inprobisaziotik abiatuta idatzi du Agurtzane Intxaurragak. Kepa Errastik kolaborazioa izan du lan horretan. "Irailean hasi ginen inprobisazio saioekin, eta gero, Agurtzanek berak eman dio forma testuari. Nik lagundu egin diot, prozesua zaila izan baita", dio Errastik.
Inprobisaziotik abiatuta, kabaret forma hartu du antzezlanak. Euskal Kantugintzako egungo eta lehengo abestiak hartu dituzte. Oreretan estreinatu zuten, eta aurrez bertan egon ziren bi aste entseatzen, horregatik dio Errastik Oñatikoa "saio erabakigarria" izan zela: "Azkenengo bi asteetan Oreretan egon gara entseatzen, eta estreinaldia bertan izan da. Bi astetan denbora ematen dizu leku batera ohitzeko, baina normalena ez da. Datozen emanaldietan arratsaldean bertan joaten gara emanaldia daukagun lekura, eta arratsaldean bertan ikusi behar izaten dira gauza guztiak, sarrera-irteera guztiak, leku berrira ohitzea... Eta Oñatikoa izan zen lehenengo aldia hori egin behar genuena".
Datozen asteetan emanaldi gehiago eskainiko ditu Txarribodak, hala ere, momentuz, adostuta dituzten emanaldien artean ez dago Debagoieneko antzezlekurik.