Puntual hasi zuten kontzertua Oiartzungo Autobus Magikoak izeneko boskoteak. Aurrez Oñatin egondakoak ziren, konkretuki, iazko Herri Egunean, txosna gunean. Hasieratik konektatu zuten publikoarekin, ohikoa izaten den agertokiaren eta publikoaren arteko hutsune barik. Iaz kaleratutako Musker lana izan zuten oinarri. Publikoak hasieratik jarraitu zuen Oiartzungo taldeak proposatutako jolasa: kantuak ederto ikasita zituztela argi erakutsita, eta Gotzon abeslariaren "aginduak" beteta.
Emanaldia borobiltzeko Beñat gitarra joleak Mikel Laboak abesten zituen hiru kantu ezagun interpretatu zituen, horien artean Gure bazterrak eta Izarren hautsa. Ederra izan zen horrenbeste jende gazte zeukan publiko dena Laboaren abestiak kantatzen ikustea.
Juantxo Arakama abeslariak esan moduan, Glaukomarentzat, aldiz, lehen aldia zen Oñatin. 00:00ak bueltan igo ziren agertokira. Hasiera-hasieratik, taldea eta publikoa bat eginda zeuden. Iazko irailean kaleratutako Kalima diskoa izan zuten abesti zerrendako oinarrian, nahiz eta aurreko lanetako kantu batzuk ere tartekatu zituzten.
Haizea kantuarekin bukatu zuten emanaldia, 01:00ak inguruan, baina txantxikuar entzuleak gogotsu zeudela ikusita, beste ordu laurden bat gehiago eskaini zuten, beste hiru kantu jota.
Feeling polita izan zen uneoro nagusi, eta Arakamak behin eta berriz esan eta eskertu zien hori entzuleei. Dena emanda, eta eztarria ia urratuta bukatu zuen segundo bat ere ez geldik eta ixilik egoten ez den frontmanak.