Asteburuan bukatu zuten Arrikrutz-Aloña Mendi ziklo-kros taldeko mutilek denboraldia –ez da neskarik taldean–. Eta jada eskaini dute egindakoaren bueltako baloraziorik. "Oso denboraldi ona izan da aurtengoa. Taldekoek lehen postuetan bukatu dituzte lasterketak, lehen hamabosten artean. Urteko sailkapenean ere, beste horrenbeste. Pozik egoteko modukoa da hori, duda barik", aitortu du Ruper Arkauzek, Arrikrutz-Aloña Mendi taldeko ordezkariak.
Dena den, Arkauzek argitu du euren helburua ez dela sailkapenean oinarriturikoa: "Egiten dutenaz gozatzea da xede nagusia; ez, irabaztea. Egia da halako emaitzek ere pozten zaituztela, baina, esandakoa. Finean, denboraldian zehar egindako lanaren –entrenamendu saioetan, esaterako– emaitza da hori".
Bestetik, esan beharrekoa da aurtengo denboraldian izan dela aitortzarik oñatiarrentzat. Besteak beste, Aimar Erostarbe txirrindularia bere kategoriako onena izan zen Legazpiko proban. "Lasterketa berezia izan zen, duda barik", aitortu du Arkauzek. Horrez aparte, Oñatiko hitzorduan ere izan zen esangura handiko aitortzarik: Garazi Erostarbe –Gipuzkoa Ogi Berri taldea– eta Unai Cueva oñatiarrek euren egin zuten Gipuzkoako txapeldunaren maillota.
Zazpi txirrindulari
Guztira, zazpi kidek jardun dute aurten Arrikrutz-Aloña Mendi taldean: lauk, kadete mailan; eta hiruk, junior kategorian. Oñatiko lasterketa izan zen horietako baten estreinakoa. Horrenbestez, denboraldia hasi zuenean baino kide gehiagorekin bukatu du txapelketa ziklo-kros taldeak. Eta, oro har, esan daiteke horiek guztiek erregulartasunari eustea lortu dutela, "aparteko gorabehera barik".
Lasterketa, herrian
Besteak beste, azken urteetako ohiturari jarraiki, ziklo-kros lasterketen egutegian izan da Urrutxukoa –Oñati–. Eta antolatzaileak pozik azaldu dira probak eman zuenarekin. "Ederra izan zen. Ondo irten zen guztia, eta ez zen aparteko kexarik izan. Pozik gaude egunak eman zuenarekin", dio Arkauzek.
Orain, errepidera
Ziklo-kros denboraldia bukatuta, errepideko lasterketetan hastea dagokie txirrindulariei; hilabete erdiko atsedenaldiaren ostean ekingo diote horri. Horretarako, orain artekoa egokitu beharra dute –entrenamendu saioak, tartean–. Aurrera begira jarriak dira, beraz.