Partidu garrantzitsua zuen Fagor Industrialek aurrez aurre, puntu bakarrera zeukan Urduliz zetorkiolako etxera. Eta ez dute hutsik egin. Indarrak erabat parekatuta izan dira lehenengo zatian. Urduliz talde oso lehiakorra da eta sailkapen buruan ibiltzen ikasitakoa; hala, lehenengo zati polita egin du. Etxekoek, ostera, gorabeheratsu jardun dute: "Denboraldi honetan gertatzen zaiguna da. Fuerte hasi gara baina eurek harrapatu egin gaituzte", adierazi du Ander Varela Crespo jokalariak. Hori horrela, aurretik hasi arren 20. minutuan berdindu (10-10) eta atsedenaldira atzetik joan dira oñatiarrak (14-15).
Bigarren zatian eroso
Bigarren zatian dena ematera atera dira etxekoak. "Gure garra atera dugu. Guztiok egin dugu aurrera, batez ere atzean gogor eginda, defentsa sendoa sortuta". Urdulizek, ostera, behera egin du poliki-poliki –aldaketak egiteko jende gutxi ere bazuen– eta orduan aprobetxatu dute oñatiarrek golak egiteko: "Kontraeraso samurrak etorri dira, gol samurrak eta aurrera egin dugu". Bukaeran, zortzi goleko aldearekin nagusitu da Fagor Industrial.
Eta aurrera begira jarri da Varela: "Sailkapenari begiratu gabe, iazko denboraldiari begiratu gabe, partiduz partidu joan irabazten, dena eman".