Aurrera doa Herribusa, berrikuntzekin

Iker Oñate 2018ko urt. 12a, 11:59

Herribusak probaldian izaniko harrera ikusirik, egitasmoari forma ematen dihardu Oñatiko Udalak. Esleipen prozesua abiatu zuen uztailean, eta amaitzen dihardute prozesua. Hurrengo asteetan jakinaraziko dute zeinek kudeatuko duen zerbitzua.

Herribusari forma ematen hasia da Oñatiko Udala. Eta jada esleipen prozesua amaitzen dihardu: Leintz eta Cuadra enpresen proposamenak dituzten mahai gainean. Hain zuzen, Udalak 8 urterako kontratua sinatuko du adjudikazioa bere egiten duen enpresarekin, 2 urte gehiago luzatzeko aukerarekin. Eta herriguneko zerbitzuaz gain, Arantzazukoa ere horren esku geldituko litzateke; beraz, bateratuta leudeke prezioak –eta bonuak–.

Egitasmoari forma emateko, bestetik, udal ordezkariek urtarrilean onartu gura lukete zerbitzuaren ordenantza. "Erabilera arauak eta halakoak adostu gura ditugu. Proiektuari forma eman, nolabait", argitu du Irati Etxeberriak, Hirigintza eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Hainbat aldaketa

Fase berrian, hainbat aldaketa izango ditu zerbitzuak. Besteak beste, 5 eta 18 urte bitarteko herritarrek bidaia ordaindu beharra izango dute –40 zentimo–; gaur artean, doan zerabilten zerbitzua. Gainerakoan, ostera, berdin jarraituko du bidaien prezioak; alegia, euro 1 ordaintzen segituko dute 18 urtetik gorakoek. Horri lotuta, dena den, Etxeberriak gogorarazi du bidaia bonuak eskuratzeko aukera ez dela baztertuko: helduek 5 euro ordaindu beharko dute hamar bidaiako sortaren truke; eta besteek, 2,1 euro –5 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango–.

Hiru markesina berri

Berrikuntzekin jarraituz, bestalde, hiru markesina jarriko dituzte herrigunean, Ugarkaldeko, Errekaldeko –herri eskolaren parean– eta Kasablankako geltokietan. Eta, horiez gain, geltoki adierazle diren posteek eta Lurraldebuseko markesina batzuek osatuko lukete geraleku sorta. Zehazki, lurrean margoturiko geltoki adierazle markak erabili dituzte orain arte.

Ordutegia, bere horretan

Bestalde, bere horretan mantenduko dute zerbitzuaren ordutegia –herrigunekoa eta Arantzazukoa–. Alegia, astelehenetik egubakoitzera bitartean, ordu erdian behin pasako da autobusa herriguneko geralekuetatik, 07:30 eta 21:00 bitartean. Eta zapatutan, ostera, ordubeteko maiztasuna izango du zerbitzuak, 09:00etatik 14:00etara.

Arantzazura joateko autobusa, berriz, domeka eta jaiegunetan mantenduko dute: 07:30etik 13:30era, ordubeteko maiztasunez irtengo da; eta, bazkalostean, 16:30ean eta 17:30ean –Oñatiko irteera orduak dira horiek–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak