Ixa, ixa, BEC! lelopean aurkeztu du Txinparta bertso eskolak aurtengo hitzordua. Bada, azken urteetan bezala, bertsozaleek punta-puntako saioa izango dute gozagai Errege egun bezperan –egubakoitza–. 22:30ean hasiko da bertso saioa, Zubikoa pilotalekuan. Zehatz esanda, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek jardungo dute agertokian. 2017ko Bertso Txapelketa Nagusiko finalisten artean, Unai Agirre besterik ez da falta, beraz.
"Duela lau urte berdina egin genuen, orduko finalistekin. Harrera ona izan zuen egitasmoak; beraz, esperientzia errepikatzen saiatzea erabaki genuen", azaldu du Mirari Sagarzazuk, Txinparta bertso eskolako kideak. Ohitura bihurtu da Errege egun bezperako bertso saioa, baina ez da urteko bakarra. Era askotako hitzorduak antolatzen dituzte Txinpartakoek. Eta, azaldu dutenez, herriko jaietako saioarekin batera, gaurkoa da jende gehien erakartzen duena. Gauzak horrela, aurrez jarri dituzte sarrerak eskuragarri, Txokolateixan. Eta agortu dira jada.
Aniztasuna bertsorako gaietan
Txinpartakoek eurek aukeratzen dituzte bertsolariek jorratu beharreko gaiak. Bada, askorik aurreratu ezin duten arren, adierazi dute "aniztasuna" bilatzen saiatu direla. Hala, bertsolariek "eroso" abesteko gaiak hautatu dituzte, "entzuleei zer pentsatua eman guran".