Erregeak gaur arratsaldean ibiliko dira herriko kaleetan. 16:30ean dute lehen hitzordua, San Martingo zaharren egoitzan: opariak banatuko dizkiete bertakoei. Eta ostean joango dira Oñatiko neska-mutikoengana; herriko kaleetan ibili ostean –18:00etan, Bidaurretan hasita–, udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira, haurrek eurekin egoteko aukera izan dezaten. Eguraldi txarra egitekotan, ostera, ez dute desfilerik egingo. Aurten ere Txanda dendari elkarteak izan du Errege magoen desfilea antolatzeko ardura, hirugarrenez.
Bada, hiru karrozatan joango dira Erregeak, bakoitza modu batera dekoratuta –dagokion Erregearen arabera–. Eta herriko 65 neska-mutikoren laguntza izango dute ibilbidean. "Ohar orriak banatu ditugu herriko ikastetxeetan, gura duenak kabalkadan esku hartzeko aukera izan dezan", azaldu dute Txandako kideek. Ostean, askaria egingo dute desfilean esku hartu duten gaztetxo horiek.
Aurretik, zaharren egoitzan
Esan bezala, Erregeen jarduna ez da haurren girora mugatzen. Horiez gain, herriko zaharren egoitzan daudenek ere izaten dute haien bisita; aurten, 16:30ean. "Senideek erosten dizkieten opariak banatzen dituzte Erregeek. Eurekin egoteko ere aprobetxatzen dute", azaldu dute antolatzaileek.
Jarraipena eman guran
Herriko dendarien elkarteak duela hiru urte heldu zion Errege magoen desfilea antolatzeari, ordura arte zihardutenek errelebo bila zebiltzala. Eta, ordutik hona, hainbat berrikuntza izan ditu ekitaldiak. Besteak beste, hiru Erregeak ez dira lehengo berdinak, eta, bestetik, zaldiaren gainean beharrean, karrozan doaz horiek.