Astebete pasa falta da gaztetxekoek urtarrilean antolatu ohi duten pailazo ikuskizunerako, eta jada salgai jarri dituzte sarrerak. Interesa duenak, Mizke eta Kiku goxoki dendetan eskura ditzake, 5 euroren truke. Eta 2 urteko haurrek ez dute ezer ordaindu beharrik izango. Gainera, geratzekotan, egunean bertan ere egongo da sarrerak erosteko aukera.
Antolatzaileek azaldu dutenez, haur, gazte eta helduentzako ikuskizuna eskainiko du Ekain-Txouk, "jolasez, mimikaz, abileziaz eta umorez josia".
Pailazo klasikoaren jolasa
Pailazo klasiko eta jolasti baten bakarkako ikuskizuna da Ekain-Txourena, zirku tradizionalaren bueltako esketx ezberdinez osaturikoa. Eta publikoaren parte hartzea zein inprobisazioak esangura handia du bere emanaldietan.
Gaztea, baina, ibilia
Sudur gorriaren atzean 1996an jaiotako gazte bat badabil ere, jada hainbat ikuskizunetan esku harturikoa dela esan daiteke; beraz, badu esperientzia. Besteak beste, Poxpolo eta konpainiaren azken emanaldietan zein 3txulo telebista saioan lagundu du. Eta Hiru erregeen mahaia irratsaioko kolaboratzaile ere bada.