XVIII. aldiz banatu dituzte kirolean egindako lanak aitortzen dituzten sariak. Zortzi sari banatu dira guztira: zazpi adituen epaimahai batek erabakitzen ditu, eta, zortzigarrena, herritarrek erabaki dute, botoen bidez.
Sari nagusiak, banakoa eta taldekakoa, Mikel Ugartek eta eskubaloiko senior taldeak irabazi dituzte. Bestalde, entrenatzaile onenaren saria, eskubaloi taldeko entrenatzaile Aitor Aranbururendako izan da. Kirolaren alde egindako lana aitortzen duen saria berriz, Esteban Ugarterendako izan zen, pilota sailari emandako guztiarengatik.
Aipamen bereziak
Hiru aipamen berezi ere banatu dira: Txema Beitia gol jokalariari, Aloña Mendiren pilota sailari 50 urte betetzearren, eta Unai Arregiri eta Sergio Gili automobilismoan egindako lanarengatik.
Herritarren saria
Jon Altube, Nerea Diaz, Ihanire Urteaga eta Xabi Lete ziren Herritarren Saria irabazteko hautagaiak. 1.354 boto jaso dira eta hurrenkera horretan bukatu dute lau hautagaiek. Altube izan da bozkatuena, %32 jasota.
Bertsotan
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bidetik, bertsotan, koplatan, banatu dituzte urteko kirol sariak. Ekitaldiaren sarreran, bertsotan jardun dute Txinparta Bertso Eskolako kide Bittor Zubiagirrek eta Aitor Tatiegik. Kirol zinegotzi Borja Moiuak ere bertsotan eskertu zien kirolariei urtean zehar egindako lana.
Ostera, saridun bakoitzak, bere bertso propioa jaso zuen.