Iluntzean ez, eguerdian iritsiko dira aurten Oñatira Olentzero eta Mari Domingi. San Anton plazatxoan elkartuko dira Jose de Azpiazu musika eskolako musikariekin, Haitzondo kuadrillako kideekin eta Algaraz elkartekoekin eta guztiak elkarrekin iritsiko dira Foruen plazara 18:30ean, umeei musu eman eta euren eskariak eta esatekoak entzutera."Iluntzeko hitzordua luzatu egiten da, eta, eguerdian ere Gabon giroa egoten denez kalean, pentsatu dugu aurten eguerdian gonbidatzea Olentzero eta Mari Domingi. Proba izango da", azaldu du Kultura teknikariak, Edurne Soraluzek.
Dantza
Olentzeroz eta Mari Domingiz gain, Gabon giroko musika emanaldiak eta kalejirak egongo dira datozen egunetan herrian. Baita antzezlanak, umeendako jolasak eta tailerrak, hitzaldia, kontzertuak eta urteroko kirol
hitzorduak, adibidez. Gaur, egubakoitza, esaterako, Encuentros dantza emanaldia egingo du Denis Santacana konpainiak Santa Anan, 22:30ean.