Hamabi urteko ibilbidea du Arabako En Tol Sarmiento musika taldeak eta aurrera egin aurretik, arnasa hartu eta hausnartu egin gura du, sorrera zein izan zen eta ordutik azken lanera bitarteko ibilaldia nolakoa izan den ikusiz. "Bideo batean jaso dugu hori, 50 minutu inguruko ikus-entzunezko batean. Eta horixe proiektatuko dugu lehenbizi Oñatiko gaztelekuan. Gero, ikusleen iritziak, galderak eta zalantzak entzun, eurekin berba egin eta hainbat pieza akustikoan joko ditugu", azaldu du taldeko abeslariak, Iñigo Etxezarretak.
Proiektu erabat esperimentala da. Bospasei bakarrik egingo dituzte eta Oñatikoa izango da lehenengoa: "aurretik ere egondakoak gara hemen eta proposamena jaso genuenean baietz erantzun genien, ezagutzen dugu aretoa eta aproposa da oso guk egin gura dugun emanaldi honetarako". Emanaldiaren formatua berezia izango da eta ordutegia ere ez ohikoa du: 18:30ean izango da. "Badakigu gure jarraitzaile gehienak gazteak direla baina saio irekia izango da eta musika zale oro etor daiteke, noski", esanaz egin du gonbidapena Etxezarretak.
Zikloa
Bost lan argitaratu ditu talde arabar honek orain arte eta kideek argi dute jarraitu gura dutela, musika egiten segi gura dute oraindik. Orain arteko zikloa itxi eta eboluzionatzea da taldearen asmoa. "Punk eta rock doinuak egiten hasi ginen baina gutxira tronpetak sartu ziren taldean eta ska estiloan aritu gara gehienbat harrez gero. Harrera ona izan dugu orain arteko emanaldietan eta jendearen gertutasuna nabaritu dugu. Baina ziklo bat itxi eta eboluzionatu egin gura dugu eta zer egin ikusi", dio Etxezarretak.
Emanaldia datorren astean izango da gaztelekuan, abenduaren 29an. Sarrerak dagoeneko salgai daude gaztelekuan bertan hiru eurotan.
Glaukoma
Urtarrilerako ere lotuta dituzte hainbat kontzertu gaztelekuan. Urtarrilaren 6an, adibidez, Governors eta Kimera taldeak egongo dira eta 19an, Glaukoma. Bietan zortzi euro kobratuko dute sarrera.