Sailkapenean ihes egin gura bazuten, irabazi beharreko partidua zuten gaurkoa. Eta hiru puntuak eskuratzeko gogorik ez zaie falta izan, norgehiagoka gura moduan hasi ez duten arren: lehen zatiko minutu gehienetan azpeitiarrek izan dute partiduaren kontrola. Dena den, ez diote min askorik egin Aloña Mendiri, ez baitute lortu oñatiarren atera hurbiltzerik.
Ostean bestelakoa izan da panorama; bigarren zatian etxekoena zen partiduaren kontrola. Eta azkenean iritsi da behar zuten gola, Xabier Irizarrek falta atera ostean, Joseba Irizarrek buruz errematatu duenean –11 minutu falta ziren partidua bukatzeko–. Babestu beharreko emaitza zuten, eta gogor egin behar izan dute lan. Gainera, azpeitiarrek pauso bat aurrera egin dute; berdintzeko aukerarik ere izan dute. Baina, ez dute lortu.
Lehen postua sendotuz
Asteburuko emaitzek mesede egin diete oñatiarrei. Berdindu egin dute bigarren eta hirugarren sailkatuek, elkarren artean jokatu ostean: 3-3 bukatu zen Tolosa eta Eibar Urkoren arteko norgehiagoka. Orain, zazpi puntuko aldea dute bigarren sailkatuarekiko; eta, bederatzikoa, hirugarrenarekiko.